(Argia aldizkaritik hartutako albistea)
Neoliberalek bataila bat galdu dute
Europan, Michel Barnier komisarioak onartu duenean ur hornidura
pribatizazio planetatik kanpo uztea. Milioi eta erdi sinaduraz goiti
bildu dituzte ura zerbitzu publiko eta giza eskubidetzat
aldarrikatzen dutenek. Gerran segitzen dute, ordea, uraren jabegoa
bereganatu nahi dutenek.
2010ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak gizarte zibilaren eskari
historiko bat aintzat hartu eta giza eskubide izendatu zuen ur
edangarria eta saneamendua eskura edukitzea, behar adinako kopuruan
eta behar adinako kalitatez. Harrigarria eman dezake izendapena hain
berandu iristeak, baina horrek badu arrazoia: “Duela hogei urte,
inori ez zitzaion bururatuko ura giza eskubidea ez denik; izaera
horri mehatxu egin zaiolako egin behar izan du NBEk bere
aldarrikapena”, diosku Eloi Badia kataluniarrak. Mugarik Gabeko
Ingeniaritza elkarteko eta uraren publikotasunaren aldeko hainbat
plataformatako kidea da Badia. Argitu dezagun, ezer baino lehen,
aipatu duen mehatxua ez dela atzo goizekoa. 80ko hamarkadatik,
hainbat nazioarteko itunen bidez, munduko politikak diseinatzen
dituztenak uraren kudeaketaren atea zabaltzen saiatu dira, merkatu
librea sar dadin. Antza denez, 90eko hamarkadan Hego Amerikan
izandako pribatizazio oldearen porrota ez da nahikoa irakaspen ona
izan; azken urteetan, Europa da uraren multinazionalen jomuga berria.
Eta pribatizazioaren podiumean, Britainia Handiaren ondotik, Euskal
Herria partekatzen duten estatu biak daude, nahiz eta horrek modu
desberdinean eragiten digun Bidasoaren alde batekoei eta bestekoei.