2010/01/17

Deshazkundea, haustura ala trantsizioa?

(iritzi artikulua)*

Azken garaietan, jarduera ekonomikoa hainbatetan jaitsi da, eta horrek sufrimendua eragin dio populazioaren gehiengoari.

SESB desagertuta eta erregimen komunistak bukatuta, herri horietan desordena ekonomikoa sortu eta ekoizpena hondoratu zen. Batzuk aberastu ziren eta dirutza handiak bildu zituzten, luxu eta handikeria jarduerak biderkatu ziren, eta denbora gutxian baliabide asko metatu zituzten milioi anitzeko aberatsak agertu ziren; baina populazioaren gehiengoari arazoak sortu zitzaizkion gutxieneko baliabide eta zerbitzuak erdiesteko, eta batzuk, babes eta zorte gutxienekoak, miseria gorrian sartu ziren.

1990eko urteetako Japoniako krisi handiak, hamar urte baino gehiago iraun zuenak, jende askoren aukerak murriztu zituen, munduko herri aberatsenetakoa izanagatik ere. Eta krisia herri pobreetara zabaldu delarik, ondorioak dramatikoak izan dira, nabarmen handitu baitira gosea, segurtasunik eza, gaixotasuna eta heriotza.

Azken hilabeteetan gertuko esperientzia bizi izan dugu, eta, beraz, begi-bistakoa izan da gu guztiondako. Duela bi urte sortu zen finantza krisia jarduera produktibo eta ekonomikora zabaldu da eta langabezia eta zailtasunak areagotu ditu. Enplegu galtzeak pertsona askoren proiektuak zapuztu ditu; batzuek modu duinean bizitzeko aukera galdu dute, edo txikiagotu zaie aukera hori; bertze batzuek etxebizitza galdu dute ezin izan dutelako hipoteka ordaindu; askok uko egin behar izan diete aspalditik lantzen ari ziren itxaropenei; gehienek kontuak berriz egin behar izan dituzte eta gastuak doitu behar izan dituzte.

Deshazkunde edo beherapen azkar, ezusteko eta traumatiko baten adibideak dira horiek guztiak.

Era berean, ikusten ari gara gero eta gehiago direla baliabideak gehiegikeriaz erabili izanaren ondorioak. Ikusten ari gara petrolioa, funtzionatzeko gure modurako hain erabakiorra dena, progresiboki gutxitzen ari dela; geroz eta nabarmenagoa da planetako lur zabalak basamortu bilakatzen ari direla, nekazaritza intentsiboak eraginda, eta elikagaiak lortzeko aukera produktiboak murrizten ari direla; eta hondakinen gehiegizko isurketa, batez ere berotegi efektuko gasena, klima aldaketa eragiten ari da, eta horrek ilundu egiten du sobera urruti ez dagoen horizontea.

Itxaropen beltz horiek lotura hertsia dute ahantzia genuen gertaera batekin: gure jarduera oinarri fisiko mugatu batzuetan oinarritzen dela; ez dela posible energiaren eta materialen erabilera mugarik gabe zabaltzen segitzea; muga horietara doitzen joan behar dugula, kolapsora ailegatu nahi ez badugu, bederen.

Aurreikuspen horien aitzinean, saihestezina dirudi energiaren eta materialen erabilera murrizteak: naturaren geureganatze horretan gibelera egin behar dugu, eta inguruan ditugun muga fisiko horietara moldatu behar ditugu gure ekintzak. Laburbilduz, ondasun materialen erabileran, deshazkundearen bidetik joan behar dugu, batez ere herri aberatsetan.

Benetako deshazkunde esperientziek adierazten digute beherapenak zailtasuna eta sufrimendua dakartzala. Baina, era berean, ikusten dugu hazkundeak kale itsu batera garamatzala, eta gure jokabidearen alderdi asko aldatzen ez baditugu kolapsorantz goazela. Nola askatu gordiar korapilo hori? Etorkizun beltz eta mehatxagarria izanen dugu ezinbestean? Baikortasunerako aukerarik ba ote dago? Kontua gertutik begiratuz gero, irtenbideak badirela ikusten da, baina ez dira praktikan jartzen errazak, abiatu dugun bidea zuzendu behar baita.

Deshazkundeak edo beherapenak sortu dituen arazoak, gehiago sortu dira moduagatik gibeleko funtsagatik baino. Ez da gauza txarra ondasun material gutxiagorekin bizitzea, baina arazoa sortzen da murrizte hori denbora gutxian egitera behartzen bagaituzte, ez baititugu eskura horretara moldatzeko moduak. Gainera, bistan da deshazkunde azkar horrek bakarrik batzuei eragiten diela, bizitzeko beharrezkoak diren ondasun materialak baino gutxiago izan behar dituztenei, hain zuzen.

Arazoa ez da guztientzako lana ez egotea; baizik eta batzuk lanik gabe gelditzen diren une berean, bertze batzuek lanean segitzen dugula gure baliabide mailari eutsiz. Ez ote ginateke denok zoriontsuago izanen, trantsizio baten ondorioz, ordu gutxiago lan eginen bagenitu? (nahiz eta batzuek ondasun material gutxiago izan). Ez ote da hobea ondasun gutxiago izatea, baldin eta guretako denbora gehiago badugu, gure harremanak eta maitasunak zaintzeko denbora gehiago badugu, hain azkar eta itota ez ibiltzeko aukera badugu?

Gordiar korapiloa askatuko dugu baldin eta deshazkunderako trantsizioa modu ordenatuan egiten bada, objektuen eta mundu osoko bidaien metaketa ezinezkoaren aitzinean paratuz pertsonen arteko berdintasuna, zuhurtziaz jokatuz sor daitezkeen desorekak konpontzen joateko.

Ez dugu aukeratu behar hazkunde ekonomikoaren eta deshazkunde ekonomikoaren artean. Ez. Bertze bi hauen artean hautatu behar dugu: naturaren erabilera modu kontzientean eta antolatuan gutxitu, ala naturak itxiera azkar eta basatia inposatu? Azken horrek, ziurrenik, gure arteko liskarrak eta bortizkeria areagotuko lituzke eta gure zibilizazioaren oinarriak urratuko lituzke. Posible da, eta desiratzekoa da, energia eta materialak gutxiago erabiliko dituen gizartea lortzea. Baina trantsizio baten bidez egin behar da, beharrezkoak ez diren arazoak saiheste aldera.

Jakina, trantsizio ordenatu horrek ere zenbait haustura eskatzen ditu, gure ideia eta balioetako askorekin zerikusia dutenak. Onartu behar dugu natura ez dela gure zerbitzura dagoen oparia, baizik eta naturaren parte garela; onartu behar dugu mundu mugatuan bizi garela; onartu behar dugu pertsonen arteko harremanak hobetzeak gozamen handia ematen duela, ondasun materialak metatzeak ematen duena baino handiagoa…

Munduan badira dagoeneko bide horri ekin dioten taldeak, kolektiboak eta udalerriak. Bira Beste Aldera (Deshazkundearen aldeko Mugimendua) kolektibokook ere ideia horietan esploratu eta bide horretan abiatu nahi dugu. Helbide honetan aurkituko gaituzu: dalevuelta.bira@gmail.com

*Alejandro Arizkun eta Juan Carlos Berasategi, Bira Beste Aldera kolektiboko kideak

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada