2010/08/30

Ingurumena ardatz duen gozoki denda (Berria)

Ekologikoak diren litxarreriak eta freskagarriak saltzen dituen lehen kioskoa ireki dute Noainen. Ingurumenarekiko errespetuaz kontzientziatzeko gunea ere bada Lorenea. 



Sarritan haurren eta helduen tentazio iturri izan ohi dira gozoki eta litxarreriak. Hala ere, azken urteetan medikuek osasunerako ez direla gomendagarriak ohartarazi dute behin eta berriz. Hala, gomendio horiek guztiak aintzat hartuta, Noainen (Nafarroa), besteak beste, gozoki, litxarreria eta freskagarri ekologikoak saltzen dituen lehen kioskoa jarri zuten martxan duela astebete. 
Lehen kiosko ekologikoak Lorenea du izena, eta Noaingo udaletxearen gibelean dago kokatua, haurren jolasleku baten alboan. Kiosko berriak martxan denbora gutxi daraman arren, «harrera ona» izan duela diote arduradunek.

Lorenea proiektuaren xedea litxarreria eta freskagarri ekologikoak saltzea baino harago doa. Izan ere, gizartean garapen iraunkorraren inguruko kontzientzia eragitea dauka helburu. Hortaz, Noaingo Udalak bultzatutako proiektuan bioeraikuntzan oinarritutako azpiegiturak eraiki dituzte. «Garapen iraunkorraren inguruko kontzientzia sortu nahi dugu », dio Mikel Baztanek, Noaingo Udaleko Lorezaintza eta Agenda 21eko arduradunak.

Loreneak 300 metro koadroko lur saila hartzen du, eta bertan daude denda, baratze ekologikoa eta Zentzumenen Parkea. Parke horren xedea kontzientziazioa da. Bertan, bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen dute. «Hasiera batean ikastetxe eta institutuetatik joandako ikasleentzat da, baina edozein joan daiteke Zentzumenen Parkera», azaldu du Baztanek. Aurrerago, hitzaldiak, erakusketak, eta ikastaroak antolatzeko asmoa ere badutela aitortu du.

Dendak, baratzeak eta zentzumenen parkeak lorezaintza eta baratzegintzaren intrepretazio gunea osatzen dute, eta Varazdin Fundazioa arduratzen da hura kudeatzeaz. Esperientzia handia daukate produktu ekologikoen ekoizpenean, eta, gainera, lan integrazioan ere aritzen dira. Hala, arazo sozialak dituzten lagunak gizarteratzeko baliatzen dute Lorenea.

Hala ere, Lorenea dendak irekita daraman ia astebetean, jendeak goxoki eta litxarrerietan jarri dute atentzio gehien. Izan ere, Noaingo kiskoak osasunarentzat onak eta ingurumenerako iraunkorrak diren litxarreriak saltzen ditu. Hala, batez ere gozokiak, arto kruspetak eta patata fijituak eskaintzen dituzte, besteak beste. Dena den, litekeena da etorkizunean produktu berriak saltzen hastea, izozki ekologikoa esaterako. Litxarreriekin batera, orain, udan, freskagarri ekologikoak hartzeko aukera dute Loreneara biltzen diren bezeroek.

Denda ondoan ekoitzitako barazki ekologikoak erosteko aukera ere badago aldi berean. Varazdin Fundaziokoek lehendik Iruñerriko dendetan saltzen zituzten produktuak, baina orain, Lorenean ere eros daitezke. Oraingoz, uraza, kuiatxoa edota alberjinia ekologikoak bakarrik dira eskuratu daitezkeen barazkiak.

Dena jasangarri

Lorenea proiektuak dituen azpiegitura guztiak garapen iraunkor kontzeptuaren arabera daude eginak. Izan ere, eraikinek ahalik eta energia gutxien gastatzea dago aurreikusita. Horretarako, denda bera iparraldetik hegoaldera begira dago. Hala, Baztanen arabera, «etxearen kokapenari esker energia gehiago aurrezten da». Orientazio horri esker, haize errota eta eguzki plaketatik lortutako energia gordetzeko ahalmena handiagotu egiten dela ere gaineratu du.

Bestalde, denda eraikitzeko, antzinako teknikak erabili dituzte, lastozko hormak, esaterako. «Lastozko paretak oso sendoak dira, eta barrualdeko tenperatura primeran mantentzen dute, bai neguan, bai eta udan ere», jakinarazi du Baztanek. Zehaztu du, halaber, neguan denda berotzeko egurra eta pelleta baliatzeko asmoa dutela.

Berrikuntzak berrikuntza, Baztan jakitun da Lorenea proiektu berritzailea bezain txikia dela. Hala eta guztiz ere, egitasmoak apurka-apurka behar duen bidea hartuko duelakoan dago. Izan ere, ziur da ingurumena errespetatu nahi izanez gero herritarrek produktu ekologikoak erostearen aldeko hautua egin beharra dutela. Beraz, datozen asteetan freskagarri zein barazki ekologiko gehiago eskaintzeko hitza eman du Baztanek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario