2010/09/07

Bizikletaren aldeko eta Yoanaren oroimenezko elkarretaratzea


EKOLOGISTAK MARTXAN-EK DEI EGIN DU BIZIKLETAREN ALDEKO ETA IRAGAN ASTEAN HARRAPATU ZUTEN BIZIKLETAZALEAREN OROIMENEZKO ELKARRETARATZEAN PARTE HARTZERA

Elkarretaratzearen leloa: “El coche mata. La bici, no”. “Biziz bizi!”
Eguna: irailak 9, ortzeguna
Ordua: 19:00
Lekua: Buztintxurin (Iruñea), Gipuzkoa etorbidean, elizaren parean (harrapaketa izan zen tokian)

Yoana Stoyanova bizikletazale gaztearen harrapaketa mortala dela eta, Ekologistak Martxan-ek adierazi nahi du berriz ere frogaturik gelditu dela automobila dela, eta ez bizikleta, oinezkoak (edo bizikletazaleak, kasu honetan bezala) larriki harrapatzen dituena. Horregatik, behar-beharrezkoa da era guztietako neurriak hartzea zirkulazioa baketze aldera, hau da, autoak behartzeko haien abiadura molda dezaten bideko gainerako erabiltzaileen segurtasun balioetara.

Yoanaren biziarekin bukatu zuen harrapaketaren ezaugarriak gorabehera (nahiz eta ezaugarri horiek ezin diren bazter utzi, eta nahiz eta behar bezala argitu behar diren), argi geratu da bizikleta gainean zihoana izan zela hildakoa, eta ez auto gidaria. Eta, hala eta guztiz ere, bizikletaren etsai amorratuek ez dute aukera galdu ziklistei egozteko Iruñeko zirkulazioaren aje guztiak.

Ekologistak Martxan-ek, berriz ere, gogoratu nahi du autoa dela, eta ez bizikleta, mugikortasunean bortizkeria sartzen duena, eta, sortzen duen kutsadura atmosferikoaz eta akustikoaz landara, bera dela gure hirian gertatzen diren harrapaketa mortal guztien erantzule. Beraz, oinezkoek autoari izan beharko liokete beldurra, eta ez bizikletari. Hortaz, inork bere amorrua norbaiten kontra bideratu nahi badu, egin dezala edozein zebrabidetan bere biziarekin akaba dezakeen horren kontra; autoaren kontra, alegia.

Zoritxarrez, urtean 2-3 oinezko hiltzen dira Iruñean autoek harrapatuta. 2009. urtean ez zen inor hil. Eta Iruñeko Udalak pentsatuko zuen hura hala izan zela harrapaketa mortalak saihesteko aktibatu zuen zirkulazio segurtasun planari esker. 2010ean, dagoeneko bi oinezko eta ziklista bat hil dira, autoek harrapatuta. Aurten bukatzen den plan horren barnean, oinezkoei zuzenduriko informazio kanpaina egin zuten bere garaian. Ekologistak Martxan zain dago, ea noiz egiten duten makina hiltzaileen gidariei zuzendurikoa.

Zirkulazioaren baketzea

Ekologistak Martxan-ek uste du autoen bide ahalmena gutxitzeak bizimodu osasungarriagoak ahalbidetzen dituela, airearen kalitatea hobetzen duela, zarata gutxitzen duela, eta jendeari leku gehiago uzten diola. Zirkulazioa baketu behar da. Guztion onurako.

Autoen zirkulazioa lasaitu behar da. Motelago joan daitezen lortu behar da. Eta, batez ere, lortu behar da motelago joan daitezen oinezkoen bideetatik gertu. Horren harira, neurri egokia litzateke hiriko oinezkoen bide GUZTIAK goratzea. Gidarien artean ez da neurri popularra izanen, baina eraginkorra izanen da haien abiadura moteltzeko.

Oinezkoekiko batere begirunerik gabe zeharkatzen dituzte gidari askok zebra-bideak, auto bat gidatzeak eskubide gehiago ematen diela sinetsiko balute bezala. Ekologistak Martxan-en ustez, hori ez da horrela. Guztiok ditugun eskubideak dituzte. Areago, (mugikortasunari buruzko) eskubideak murriztu beharko lituzke airea kutsatzen duen, isiltasuna hausten duen eta hil dezakeen makina bat gidatzeak.

Bide horiei dagokienez, eta egunotan ergelkeria asko entzun eta irakurri ditugunez, Ekologistak Martxan-ek gogorarazi nahi du uste duela bizikleta garraio modu egokia eta gomendagarria dela Iruñean ibiltzeko (eta ez bakarrik paseatzeko). Iruñean, bizikletak errepidetik joatea gomendatzen du Ekologistak Martxan-ek. Baina bizikletazaleren bat ez bada errepidetik joatera ausartzen, eta erabakitzen badu gaizki diseinaturiko bizikleta-bide edo “bizikleta- espaloi” “sare” horretatik joatea, jakin dezala oinezko bideetatik pasatzerik duela, bizikletatik jaisteko batere beharrik gabe. Eta auto gidariei gogoratu behar zaie beraiek ez dutela toki horietan lehentasunik, oinezkoen bidetik doanak baizik, NAHIZ ETA ZIKLISTA BAT IZAN.

Horren harira, honera ekarri nahi dugu zirkulazioa arautzen duen Iruñeko ordenantzak bizikleten zirkulazioaz dioena (26. artikulua):
“Seinaleztaturiko espaloietatik edo bizikleta bideetatik doazen ziklistek, errepide batekin gurutzatzen den oinezko edo bizikleta bide batekin topo egitean, gelditu egin behar dute, oina lurrean paratu behar dute, eta errepidetik doazen autoek ikusi dituztela ziurtatu eta gero, haien martxa segitu ahal izanen dute. Bide hauetan, ziklistek lehentasuna dute errepidean diren autoen aurretik”.

Ekologistak Martxan-ek ez ditu lerro hauek bukatu nahi Yoana Stoyanovaren familiari doluminak, animoak eta elkartasuna helarazi gabe. Gainera, eskerrak eman dizkiegu bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzen dutenei. Eta dei egiten diegu bizikletaren lagunei eta erabiltzaileei, bai eta Yoanaren harrapaketa gaitzetsi nahi duten guztiei ere, ortzegunean, 19:00etan, harrapaketaren tokian eginen dugun elkarretaratzera etor daitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario