(Argia aldizkaritik hartutako artikulua)
Esa urtegiaren edukiera bikoizteko planak mehatxupean ditu Aragoiko
hainbat herri txiki. Proiektuaren aurkako borrokaren ikur bilakatu den Artiedan
izan gara. Lurrak kendu arren, hormigoiak duintasuna urperatzerik ez duela
erakutsi du urte luzeko erresistentziak.
“Gurekin jai dute. Ez dugu hemendik alde egingo. Lurrak lapurtuko
dizkigute, baina ez ditugu gure etxeak utziko”. Esa urtegiaren ekialdeko
muturrean dago Artieda, Zaragozako lurretan, Aragoi ibaiak atseden hartzen duen
18 kilometroko itsasoaren ateetan. Han elkartu gara Luis Solana laborari eta
abeltzainarekin. Herriko alkate ohia eta urtegia handitzeko proiektuaren aurka
dagoen Río Aragón elkarteko presidentea da. Hitz egiten duenean argi ikusten
dira 30 urteotako borrokek utzitako arrastoak. Herriaren goialdetik Esa urtegia
seinalatu digu, eta haren edukiera bikoizteko planaren parte den kamioi eta
hondeatzaileentzako errepide berriko hormigoizko zutabetzarrak, eta zutabeok
jan dituzten lurrak, eta herriaren magalean, laborantzarako sail gehiago, egun
agintariek jomugan dituzten horiek. “Uztarako kalitate oneko 600 hektarea
ditugu, eta berrehundik gora nahi dituzte desjabetu. Lapurtu. Hori baita hitz
egokia. Bost axola zaie jakitea nekazari batzuei lur eremu txikia kentzeak ere
aurrera egitea galarazi diezaiekeela”.
Espainiako Ingurumen Ministerioaren eta haren mende dagoen Ebroko
Konfederazio Hidrografikoaren (CHE) “prepotentziaz” kexu da Solana, baita
ureztatzaileen “harrokeriaz” ere. Esa handitu nahi izateko arrazoietako bat,
politikariek diotenez, urtegitik abiatzen den Bardeetako Kanalaren bitartez
Erriberako eta Zaragoza iparraldeko Zinco Billas eskualdeko lur-sail gehiago
ureztatu ahal izatea da. Río Aragón kolektiboaren ustez, ordea, helburua ez da
nekazarien eskaria asetzea, ura gehien interesatzen zaien lekura eramatea
baizik, arrazoi ekonomikoak tarteko. Obra hauek Bardeetako Ubideko Ureztatzaileen
Komunitateak eskatu dituela esan digu elkarteko presidenteak: “Erakunde horiek
politika egiten dute, presio-tresna dira. Ura negozio iturria besterik ez da
haientzat, baliabide ekonomiko bat. Uraren kontzesioa dute eta haren jabe
sentitzen dira. Batzuetan autoak hemen behean aparkatu eta obrak ikustera
joaten dira, beraien urtegia nola dagoen jakiteko, lursailak bisitatzera doazen
aberaskiloen moduan. Haiekin batera etortzen dira CHEko ordezkariak ere. Ura
kudeatzen duen instituzioa komunitate horien zerbitzura dago. Onartezina da”.
Bardeetako ureztatze guneak zabaltzeko Esa handitu beharrik ez dagoela
diote proiektuaren aurkakoek. “Nahikoa da Kanalaren ibilbidean ura gordetzeko
dozena erdi baltsa txiki eraikitzea”, esan digu Solanak. “Datu ofizialek
erakusten duten moduan, kostua puztu gabe eskaerak asetzea lortuko litzateke
horrela”. Bere hitzetan, baltsa horien –uraren– kudeaketa eraginkorragoa
izateko ureztatzaileen esku legoke, haiek direlako eskaera luzatu dutenak.
“Hala, ura gordetzeak dakarren kostua, ustiatuko dutenek ordainduko lukete.
Haien baliabideak erabili beharrean gureak –lur emankorrenak tartean– hartzen
dituzte, ordainetan kalteak eraginez”, azaldu digu “politika kolonial” bati
buruz mintzo den Solanak. Termino bertsuetan hitz egin zuen Jorge Bielsa
ekonomialari eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak pasa den hilean Jakan
emandako hitzaldian: “Azpiegitura hauen kostua aurrez ezagutzea garrantzitsua
da, baita obrak abiatzeko eskatu dutenak gastuen kargu egitea ere. Zoritxarrez,
lehenago edo beranduago guztiok ordainduko ditugula espero dute oraindik”.
Kontuan hartu beharreko beste elementu bat kanalaren ustiapen
hidroelektrikoa dela azaldu digu Solanak: “Aipatu komunitateek, teorian,
ureztatzeetarako kontzesioa besterik ez dute, baina zentralak eraiki eta
negozioa egiten ari dira”.
Presa Nafarroan dagoen arren, proiektu honi buruz Aragoin hitz egiten
dela dio, aragoitarrek eskatzen dutela. “Inguru hauetan ureztatzea mito bat
bezalakoa da. Lur lehor asko dugu eta, askoren ustez, urak baino ez ditu
biziaraziko. ‘Ura iristean gauzak konponduko dira’, entzun izan dugu maiz.
Herritarren subkontzientean pisu handia du horrek; jendeak pentsatzen du
urtegiak obra onak direla, aurrerakuntza dakartela. Gainera, lehen ezertxo ere
ez zegoen lekuan ura dago orain, eta uztak. Begirada sinplista horrek iritzi
publikoa asko markatu du eta botoen arrantzan ari diren alderdi politikoak ere,
IU barne, joko horretan ari dira”.
Hormigoiaren lobbya nagusi
Urtegia handitzearen aldekoek bolo-bolo darabilten beste argumentu bat
hauxe da: Zaragozako hiri osoak kalitatezko ur edangarria izan dezan,
ezinbestekoa da obrak albait azkarren amaitzea. Aldiz, Urtegi eta Trasbase
Handiek Kaltetutakoen Koordinakundeak (COAGRET) dioenez, hiriburuak badauka
mendietako ura gorde eta erabiltzeko azpiegitura: Aragoiko Kanal Inperialarekin
bat egiten duen Lotetako urtegia. Ebro ibaiko eta eraiki daitezkeen baltsetako
hektometro kubikoak gehituta, Zaragozak urtebeterako ur-gordailua izango
lukeela kalkulatu dute.
Solanak nabarmendu duenez, Espainiako Uraren Legeak ahorako ura
–edangarria– lehenesten duen arren, Zaragozak ur edangarria izango luke baldin
eta ureztatzeetarako baliatuko litzatekeena sobera geratuko balitz.
“Hiriburuaren ur-horniketa bigarren mailakoa da”, esan digu, ondoren gehitzeko
kontzesioak Esaren inaugurazio garaikoak direla. “Errazagoa da gu herritik
kanporatzea, kontzesioak aldatzea baino”, diosku. “Ez dute lortuko, ordea”.
Mediterraneo inguruko espekulazio-egarria aseko luketen balizko
trasbaseetarako ura gordetzea ei da proiektu hau bultzatzeko ezkutuko
arrazoietako bat, José Manuel Nicolau Zaragozako Unibertsitateko biologoak
dioenez. “Hormigoiaren lobbyaren interesak defendatzea da bestea”, gaineratu du
Solanak. “Ikusi duzue zer zementu piloa dagoen inguruan? Bai PSOEk 1992-93an,
bai PPk 2001ean –Ebroren trasbasearen planarekin– eta bai ondorengo Plan
Hidrologiko Nazionalak (2005) ere eredu desarrollista bertsua proposatu dute”.
Esa pantanoak estrategia horri jarraitzen dio, baita Biscarrues –proiektuak
aurrera eginez gero Gállego ibaiko urak jasoko lituzke– eta Mularroya –Jalon
haranean eraikitzen hasi direna– urtegiek ere.
Aragoi sozialista eta iraultzaile baten alde
Azpiegitura erraldoi horien aurkako borroka da, hain justu, Aragoiko
talde ezkertiar eta independentisten ardatz nagusietakoa. Artieda bihurtu da
erresistentziaren ikur, urte luzez Esako proiektuaren kontra eta lurraren
defentsan agertutako konpromisoagatik. Horren isla dira urtean behin han egiten
diren Esfendamos a Tierra jardunaldiak eta iragan asteburuan aldarrikapena eta
festa uztartu zituen Mendiaren duintasunaren alde izeneko ekitaldia. Prestaketa
lanetan zebiltzala izan ginen gu Artiedan.
Bloque Independentista de Cuchas (BIC) taldeak antolatu ditu aipatu
jardunaldiak azken urteotan, Chunta Aragonesistak (CHA) gobernatzen duen Udalaren
laguntzarekin. 2007an sortua, ezkerreko indarrak pilatzea du helburu BICek,
Aragoi “libre, antipatriarkal, sozialista eta iraultzailearen alde” modu
bateratuan aritzeko. Dozena erdi kolektibo biltzen ditu: Puyalón de Cuchas
(erakunde politikoa), Purna-A Chobenalla Reboluzionaria y Independentista
(gazte erakundea), A Clau Roya (talde feminista), A Enrestida (kolektibo
antifaxista), SOA-STA sindikatua eta Universidat ikasle independentista eta
iraultzaileen taldea.
Mugimendu independentista erreferentzialtasuna irabazten ari da
apurka-apurka, baina apenas du errepresentaziorik instituzioetan. Puyalón
alderdiak Aragoi osoan duen zinegotzi bakarra, Israel Orera, Artiedakoa da.
Udala CHAko alkateak eta alderdiko zinegotzi batek osatzen dute. Solana agurtu
eta Orerari hots egin diogu telefonoz, belaunaldi gazteagoen ikuspuntua
ezagutzeko. “Zer, herrian ez al duzue neska-mutilik aurkitu?”. Ezetz erantzun
diogu, gehienak jaialdiko kartelak jartzera joanak zirela eta besteek hitzaldia
eman behar zutela Zaragozan. “Pena da, normalean gazte dezente ibiltzen baikara
herrian hara eta hona”. Artiedan arnasten den giroa hizpide, hiri handietan ez
bezalako bizitza kalitatea dutela esan digu, eta urtegiak herritarrak batu
dituela. “Borrokak hemen geratzera bultzatu gaitu. Duintasunari eutsi nahi
diogu. Ni helduagoa naiz, baina 20-25 urtekoak ere gatazkaren erdian jaio dira.
Hori edan dute, borroka bidegabe hau arimara heldu zaie. Jende mordoak egin
dugu bat, ez soilik Artiedakoek, baita Aragoiko gainerako zonaldeetako eta
Euskal Herriko ekintzaileek ere, besteren artean”. Horrek guztiak gizarte
mugimendua piztu duela dio. “Duela gutxi Biscarruesen egindako ekitaldi
jendetsua da horren lekuko. Mendiaren duintasunaren alde 1999-2000 inguruan
sortu eta ondorengo urteetan indarra galdu zuen mugimendua biziberritzen ari da
orain”.
Ingurumari horretan Puyalón bezalako alderdi batek zein paper jokatzen
duen galdetu diogu. “Puyalónen helburua ez da hainbeste instituzioetara
heltzea, gizarte mugimenduetan indarra egitea baizik. Dena den, gure bidea hasi
besterik ez da egin”. CHArekin duten harremanari dagokionez, Orerak dio
bakoitzaren bideek gutxitan egiten dutela bat, nazio mailan bederen. “Haiek
sozialdemokratak dira eta gu sozialista iraultzaileak. Haiek instituzioetan
egon nahi dute. Herri mailan harreman oso ona dugu, elkarrekin gabiltza
honetan, baina gainerakoan… beti daude batzuen edo besteen esanetara”.
Urte hauetan guztietan hedabideek ezikusiarena egin dutela dio, bizi
duten gatazkak Arainfo.org eta Tomalatierra.com bezalako webguneetan eta sare
sozialetan oihartzun geroz eta handiagoa duen arren. “Jarraipen zabalagoa dugu
Euskal Herrian Aragoin baino”, esan digu Orerak, eta Itoizko Solidarioei buruz
begirunez hitz egin du: “Harreman handia dugu haiekin, borroka bera da, erabat
legitimoa. Zorte txarra izan zuten. 1996ko ekintza [rotaflexekin kableak
moztearena] orain egin izan balute Internet bidez mundu osora zabaldu eta
gertaerek beste norabide bat hartuko zuten. Talde ekologista batzuek ekintza
hura arbuiatu izana ulertzerik ez dago, egindakoa kritikatzea lotsagarria da.
Artiedan, belaunaldi gazteek bereziki, beti babestu izan dugu Solidarioen
borroka, desobedientziaren bidea eredu da guretzat”.
Duintasunari indar guztiarekin eutsiko diotela berretsi digute Solanak
eta Orerak. Artiedan bizitzen jarraitu nahi dutela diote, eta euren seme-alabek
ere aukera hori izatea gustatuko litzaiekeela, lapurreta ororen gainetik. “Yesa
No”, diote balkoi anitzetan eskegitako banderolek. “Artieda no rebla!”,
paretetan marraztutako graffitiek. Ez dituzte kikilduko.
Edukiera bikoitzeko plana
Primo de Riveraren diktadurapean hasi zen mamitzen Esako urtegiaren
proiektua. Frankismo garaian inauguratu zuten, 1959an. 76 metroko presa, 2.098
hektarea, 18 kilometro luze eta 450 hm³ ur gordetzeko edukiera. 55.000 herritar
hornitzen ditu eta Bardeetako Kanalaren bitartez ureztatzerako 81.000 hektarea
sortu ditu, bereziki zerealak landatzeko erabili direnak. Urtegiaren edukiera
bikoiztu nahi dute orain (1.050 hm³-ra arte), presa 100 metrora arte altxa, eta
uraren maila 480 metro ingurutik 530era igo. Horretarako 352 milioi euroko
aurrekontua onartu du –oraingoz– Espainiako Gobernuak, hasiera batean 113
milioi eurokoa zen arren. “Beste esparru batzuetan murrizketak egiten dituzten
bitartean azpiegitura handietako aurrekontuek gorantz egiten dute etengabe”,
dio Solanak. “Proiektu honek ez du deus laguntzen. Ezin da garai lehorretarako
urik gorde, urik ez badago! Euri gutxiago egiten du eta, gainera, lurraren
erabilera aldatu egin da: orubeak bitan zatitu dituzte, abeltzaintza
estentsiboa desagertu eta basoak estali egin dira, landare askoz ere gehiago
dago… Lurrak ur gehiago xurgatzen du eta erreketara gutxiago heltzen da”.
1959an Ruesta, Tiermas eta Escó herriak hustu eta 1.500 biztanleak beste toki
batzuetan kokatu zituzten. Artieda, Mianos eta Sigües mehatxatzen ditu gaur
egungo egitasmoak. Hiruen artean 260 bat biztanle dituzte.
Zalantzak segurtasunaren inguruan
Obrak 2016rako bukatuko dituztela esan dute agintariek. Epeak etengabe
atzeratzen ari dira, ordea, urtegiaren alde batean sortutako arrakalen eta
haiek eragindako lur mugimenduen –2006koak izan ziren sonatuenak– ondorioz.
Espainiako Ingurumen Ministerioak eta CHEk onartu dute presa faila edo apurdura
baten gainean finkaturik dagoela, eta behealdeko herritarrak –Zangozakoak
tartean– kezkatzen hasiak dira. “Ez nau harritzen”, esan digu Solanak.
“Presatik beherako herriek beti pentsatu izan dute urtegiek mesede egiten
dutela, uholdeak ekidin ditzaketela, baina…”.
Herri bizia
Jesus Solana, irria ezpain eta begietan: “80 lagunek pasatzen dugu
negua Artiedan. Abeltzaintza, laborantza eta aroztegia ditugu euskarri, baita
Santiago Bidearen parte den ostatua ere. Herrian bizi diren 20-30 urte inguruko
hamabost gazteetako batek egiten du bertan lan. Nekazari eta arotzak dira
gehienak. Biztanleria aktiboa inguruko herrietan baino handiagoa da hemen.
Historikoki lurgintza banaturik egon da gurean, umilenek ere bazuten beren
orubea. Izaera propioa ematen du horrek. Borrokak berezi egin gaitu. Hainbeste
neke eta ostia txar… baina gauza onak ere eman dizkigu. Gazteek Aturando Yesa
kolektiboa sortu dute. Lurraren defentsan badugu erreleboa. Argumentuak
zaharrak dira baina lengoaia berritu beharra dago, eta inportantea da gazteek
lekukoa hartzea. Kanpora ikastera joan direnek ere lotura estua gordetzen dute
herriarekin”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario