2017/07/23

EKOLOGISTAK MARTXAN-EK USTE DU HILDAKO OINEZKOEN KOPURUAK ESKATZEN DUELA ZIRKULAZIOA BAKETZEKO NEURRIAK BEREHALA EZARTZEA

Mugikortasunaren bertze biktima bat izan da Iruñean: Fatima Gallego Martinez, 35 urtekoa, Marcelo Zelaieta etorbidean hila auto batek harrapatua semaforoa duen oinezko bide batean. Ekologistak Martxanen ustez ustez, heriotz horrek berriz ere mahai gainean jarri du gure hiriko zirkulazioa baketzeko berehalako plan bat egiteko beharra. Legealdi honetan, dagoeneko zortzi oinezko hil dira Iruñeko kaleetan.

data
biktima
adina
kalea
lekua
2015/08/21
Irineo Goikoetxandia Jimenez
84
Fiteroko monasterioa
Oinezko biderik gabeko errepidea
2015/09/27
Emilio Rekalde Proaño
21
Belateko monasterioa
Oinezko biderik gabeko errepidea
2016/03/31
Angel Maria Garcia Sabada
74
Pío XII
Oinezko bidea, semaforoarekin
2016/07/19
Ana María Larunbe Huarte
78
Bernardino Tirapu
Oinezko bidea
2016/08/07
Ana Maria Elizari Eslaba
76
Ermitagaña
Oinezko bidea
2017/03/11
Margarita Alfaro Abendaño
75
Gipuzkoa
Oinezko bidea
2017/04/18
Mari Cruz Zubillaga Vallejo
67
Sadar
Oinezko bidea
2017/07/21
Fatima Gallego Martinez
35
Marcelo Zelaieta
Oinezko bidea, semaforoarekin
Iturria: guk sortua

Ekologistak Martxanen irudikoz, gizarteak ezin du onartu eta ezin du normaltzat jo pertsona bat hiltzea oinezkoendako bide batetik pasatzeagatik. Horregatik, Iruñeko Udalari exijitzen diogu bere esku dagoen guztia egin dezan oinezkoen biziak segurtatzeko. Ez zaigu bururatzen udal baten lan premiazkoagorik edo beharrezkoagorik bere hiritarren bizia zaintzea baino, eta horregatik eskatzen diogu orain ekitea lanari, lehenbailehen.


BEREHALAKO EKINTZA PROPOSAMENAK
  1. Erakundeetako ordezkarien parte-hartzea mugikortasunaren biktimen oroitze elkarretaratzeetan.
  2. Azken hamar urteetan harrapaketa mortalak izan dituzten oinezko bideetan oroitzapenezko eta azalpenezko plakak jartzea.
  3. Auto gidariei zuzenduriko kontzientziazio kanpaina egitea gogorarazteko oinezko bideen inguruetan abiadura moteltzeko beharra dutela eta gogorarazteko oinezkoen pasatzeko lehentasuna errespetatu behar dutela.
  4. Udaltzaingoaren kanpaina egitea auto gidariak informatzeko, abisatzeko eta, behar izanez gero, isuna jartzeko baldin eta oinezko bideen inguruetan abiadura mugak errespetatzen ez badituzte, baldin eta oinezkoen pasatzeko lehentasuna errespetatzen ez badute, eta baldin eta abiadura erreduktore bat saihesteagatik kontrako noranzkoaren errepide zatira pasatzen badira.
  5. Azken 10 urteetan harrapaketa mortalak izan dituzten oinezko bide guztietan askotariko abiadura erreduktoreak jartzea, seinaleak eta semaforoak jartzea, ikuspegia oztopatzen duten gauzak kentzea...
Azken puntu horri dagokionez, aipatu beharra dago urtarrilean Iruñeko Udalak lan batzuk egin zituela Ermitagañako zebra bide zehatz batean inguruko zirkulazioa mantsotze aldera. Zebra bide horretan emakume bat hil zen iragan urteko abuztuan auto batek harrapatuta. Estrategia berari jarraituz, azken egunetan hainbat semaforo jarri dituzte Gipuzkoa etorbidean, martxoan bertze emakume bat hil zen zebra bidean hain zuzen ere.

Bi lan horiek -eta egin beharko dituzten bertze batzuek- erakusten dute udal honek baduela asmo bat aurreko udalak ez zuena. Baina, gure aburuz, asmo ahul eta lotsatia da oraindik. Horregatik, Iruñeko Udalari eskatzen diogu konplexuak bazter batean utz ditzala eta oinezkoen heriotzen arazoa jar dezala hiri honek konpondu behar dituen arazoen lehenbiziko postuan
.
Ekologistak Martxanen ustez nahitaezkoa da autoen zirkulazioa baretzea. Mantsoago joan daitezen lortu behar da, batez ere oinezko bideen inguruetan. Eta horretarako, fisikoki oztopatu behar da haien zirkulazioa, ezinezkoa izan dezaten zebra bide baten gainetik 30 kilometro orduko baino abiadura handiagoan pasatzea.

Autoen abiadura mantsotzeak oinezkoen bizimodua seguruago eginen du, hiritar guztiei bizimodu osasuntsuagoa eskainiko die, airearen kalitatea hobetuko du eta kaleko zarata txikituko du. Zirkulazioa baketu behar da. Guztion hobebeharrez.

Bukatzeko, hiritar guztiei dei egiten diegu parte har dezaten 8-80 plataformak antolatu duen elkarretaratzean: uztailaren 24an izanen da, astelehenarekin, 20:00etan, Fatima Gallego Martinez hil zen zebra bidearen inguruetan.


Iruñea, 2017ko uztailaren 23a

Ekologistak Martxan – Iruñea

No hay comentarios:

Publicar un comentario