2017/11/12

HAZKUNDEAREN MUGAK ETA TRANTSIZIO EKOSOZIALA (EKOESKOLA 2017)

Iruñeko Ekologistak Martxan-ek Ekoeskolaren ideia berreskuratu du hazkundearen mugak eta trantsizio ekosozialaz hausnartzeko

Gure gizartearen egoerak eta bizi ditugun garaiek kezkatzen gaituzte, eta beraz, gauzak aldatu nahi ditugun pertsonak gara. Horregatik, lehen urratsa dugu informazioa jasotzea interesatu eta arduratzen gaituzten gaien inguruan. Hauxe da arrazoia Ekoeskola berriz ere martxan jartzeko.

Ekologistak Martxaneko kideok uste dugu ziklo historikoaren aldaketa baten aurrean gaudela eta horrek behartzen gaituela gauza asko berriz pentsatzera. Ildo horretan, 2017ko Ekoeskolan hazkundearen mugez eta trantsizio ekosozialaz mintzatuko gara. Hona hemen prestatu ditugun aukerak:

ERAKUSKETA
“Hazkundearen mugak”
Azaroaren 14tik 28ra, Iruñeko San Pedro Ingurumen Hezkuntzako Museoan
12 panelek osatzen dute erakusketa. Helburua da krisi energetikoa eta ingurumenezkoari buruz kontzientzia hartzea. Valladolideko Unibertsitatearen Dinamika eta Energia taldeak, Entrepueblos-ek eta Ecologistas en Acción-ek prestatu dute erakusketa. Iruñeko Ekologistak Martxan-ek eguneratutako erakusketa aurkezten du, euskaraz eta gaztelaniaz. Panelak hobeki ulertzeko bi bisita gidatu izanen dira: azaroaren 14an euskaraz eta 21ean, gaztelaniaz, 18:30etik 20:00era. San Pedro Museoan izan ondoren, erakusketa hau kolektibo zein eskolen eskura egonen da; beraz erreserbatu nahi duenak idatz dezala ondoko helbidera: irunea@ekologistakmartxan.org. Gainera, erakusketa eskuragarri egonen da PDF formatuan Nafarroako Ekologistak Martxaneko blogean.

Erakusketak hainbat gai jorratzen ditu modu dibulgatzailean: energia eta materialen mugak, iraunkortasuna, kolapsoak, energia berriztagarriak, biomimesia eta deshazkundea. Horiek guztiek egungo bizi eta kontsumo ereduaren alternatibak iradokitzen dizkigute. Hiru pertsonaiak gidatzen gaituzte paneletan zehar, hirurek bizitzaren aurreko hiru jarrera erakusten dituzte: “Hiritartasuna”, baliabide mugatuen jakitun eta kontzientzia kritikoaren gosez; “Lotia”, denetaz paso egiten duena; eta “Pentsamendu bakarra”, egungo pentsamolde neoliberalen isla.

Gure sistema ekonomikoa mugarik gabeko hazkundean eta naturaren etengabeko ustiapenean oinarritzen da. Bide hori harturik, gure zibilizazioak nahitaez topo eginen du natur baliabideen agorpenarekin, eta ondorioz, krisi ekologikoarekin. Ezinbertzekoa dugu trantsizioa bertze mundu baterantz, erregai fosilen menpekotasunik gabe, ingurumen krisia eta klima aldaketaren ondoriorik txarrenak saihestu nahi baditugu.

HITZALDIA
“Trantsizio ekosoziala: trantsizioa mundu iraunkor baterantz”
Luis Gonzalez Reyes
Azaroak 16, 18:30ean, San Pedro museoan
Luis Gonzalez Reyes Zientzia Kimikoetan dotorea da eta Ecologistas en Acción-en kide. Formakuntzan eta ikerkutzan aritzen da ekologismoa eta pedagogiaren inguruan. Hainbat unibertsitatetan kolaboratzen du. Bera da gaitasun ekosozialen zeharkako garapenaren arduraduna FUHEM-en hiru eskoletan. Makina bat libururen egile eta koegilea da. Haien artean azpimarratzekoa da En la espiral de la energía.

HITZALDIA
“Tokiko erresilientzia eraikiz krisi garaietan”
Juan del Río Azaroaren 23an, 18:30ean, San Pedro museoan
Juan del Río (http://juandelrio.net) Trantsizio Sarearen koordinatzailea da (www.reddetransicion.org) eta Guía del movimiento de transición liburuaren egilea. Trantsizioan prestatzaile ofiziala da eta Ecohabitar Institutuaren irakasle taldearen kide. Tailerrak diseinatu eta dinamizatu ditu gai ugariren inguruan: trantsizioa, iraunkortasuna, komunitate iraunkorrak, desazkundea, ekonomia alternatiboa eta permakultura soziala, dinamika partehartzaileak... Haren motibazioen artean bi azpimarratuko genituzke: proiektu sozioekologiko berritzaileak eta eraldatzaileak sortu eta bultzatzea eta erresilientziaren berreraikuntza modu sostenagarrian denboran zehar.

PROIEKTUAREN AURKEZPENA
“Udalerriak trantsizioan”
Azaroaren 24an, 11:30ean, Kondestable Jauregian
Juan del Ríok eginen du aurkezpena. Municipios en transición (http://www.reddetransicion.org/municipios-en-transicion) Trantsizio Sarearen proiektu bat da. Proiektu honek apostu egiten du administrazio publikoarekin batera lan egiteko, indarrean diren ekimenak eta beste kolektiboak bilduz, beti ere, tokiko erresilentzia sortu eta garatzeko aktiboak diren udalerriekin. Besteak beste, agroekologia, tokiko ekonomia, energia berriztagarriak, gobernantza eredu berriak eta parte hartzea. Proiektu hau 2016an martxan jarri zen ondoko herrietan: Argelaguer (Girona), Carcaboso (Cáceres) eta Orendain (Gipuzkoa). Proiektuaren aurkezpena udal, kontzeju eta mankomunitateen ordezkari zein teknikarientzat da, eta publikoarentzat irekia da.

IKASTAROA
“Nola hasi trantsizioa”
Azaroaren 25ean eta 26an, Artiedan
Arterra Bizimoduk (http://arterrabizimodu.org) antolatzen du ikastaroa eta Juan del Ríok dinamizatuko du. Ikastaro esperientziala eta parte hartzailea izanen da. Bi egunetan trantsizio eredua arakatzeko aukera izanen da: alde batetik kanpoko trantsizioa arlo sozialak eta ingurumenezkoak landuz; eta bestetik, barneko trantsizioa, arlo psikologikoak eta emozionalak jorratuz. Ikastaro honek ikuspegi sistemikoa eskeintzen du era askotako tresnak emanez eta trantsizio ekimen berriak sortuz parte hartzen dutenen artean. Izena emateko: arterrabizimodu@gmail.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario