2011/03/03

EKOLOGISTAK MARTXAN-EK SALATU NAHI DU TRINIDAD REMIREZ IRUINDARRAREN HERIOTZAREN JATORRIAN BIZIKLETA BIDEAREN DISEINU NEGARGARRIA DAGOELA

Elkarte ekologistak bizikletazaleak animatu nahi ditu errepidetik ibil daitezen eta beren segurtasuna bertze ezerren aitzinetik jar dezaten

Ekologistak Martxan-ek uste du eta salatzen du bizikleta bidearen diseinu negargarri eta kriminal batek sortu duela Trinidad Remirez Irisarriren heriotza ekarri duen istripua. Izan ere, Iruñeko Gaiarre karrikan, ibilgailu motordunek bizikleta bidearen ondoan aparkatzen dute; eta, gainera, bizikleta bide hori haien ezkerrean utziz aparkatzen dute; hau da, auto gidariak beti-beti irekitzen du bere atea eta autotik ateratzen da bizikleta bidea inbadituz. Beraz, zoriaren esku uzten da gidari batek atea irekitzen duen bakoitzean orduan bizikletarik ez pasatzea.

Iragan ortziralean, Trinidad Remirezek, 60 urteko ziklistak, ez zuen halako zori onik izan. Akaso, ez zuen ibilgailuaren atearen kontra talka egin (ikerketak erranen du hori), baina argi dago ate horrek bizikleta bidea inbaditu zuela bera pasatzen ari zela, eta hori nahikoa izan zela oreka galtzeko eta lurrera erortzeko. Eta hura ez zen zorte kontua izan. Horren arrazoia bidearen diseinu ezin txarragoari dagokio. Horregatik, ez dugu inondik inora onartzen ahal eztabaida kaskoaren erabileran zentratzea, zenbait forotan gertatzen ari den gisara. Une honetan, eztabaida interesatu horrek gauza bakarra egiten du, arazoaren muina bazter uztea: Iruñeko bizikleta bideen diseinu txarra, automobilak bizikletaren gainetik duen lehentasuna oztopatu nahi ez duena.

Ekologistak Martxanen aburuz, segurtasun, ibilbide, lehentasun, ikuspen, funtzionaltasun edo konektibitate irizpide argirik ez dute segitzen Iruñean paratzen ari diren bizikleta bideek. Are gehiago, bizikleta bideak egiteko tenorean, badirudi Iruñeko Udala mugitzen duen bakarra dela gero eta kilometro gehiago egitea, kilometro horiek benetan erabilgarriak ote diren kontuan hartu gabe.

Ekologistak Martxanek, prentsa ohar hone bidez, bere doluminak, animoak eta elkartasuna helarazi nahi dizkio Trinidad Remirezen familiari. Gainera, jakinarazi nahi diegu gure sostengua izanen dutela diseinu kriminal honen erantzuleen aurka abia ditzaketen ekimenetan.

Ekologistak Martxanek, ohi duenez, Iruñeko bizikletazaleei gomendatzen die errepidetik ibil daitezen, eta ez espaloitik edo bizikleta bideetatik. Bizikleta oso garraiobide aproposa da Iruñean ibiltzeko, automobilaren alternatiba da (eta ez oinezkoena), eta eskubide bera du (edo eskubide gehiago, ez baitu kutsatzen) errepidean ibiltzeko. Bizikleta bide txarrek ez dute segurtasunik ematen, segurtasun sentsazio faltsua baizik. Horregatik, pentsatzen dugu Iruñean hobe dela errepidetik joatea. Baina, hori bai, Ekologistak Martxanek ziklistei erran nahi die jar dezatela haien segurtasuna, haien bizia, bertze ezerren aitzinetik. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Trinidad Remirezen modura, bizikleta eguneroko garraiobide gisa erabiltzen dutenei.


Iruñean, 2011ko martxoaren 3an

No hay comentarios:

Publicar un comentario