2013/07/28

Elementu ezinbestekoena merkatuaren jomugan

(Argia aldizkaritik hartutako albistea)

Neoliberalek bataila bat galdu dute Europan, Michel Barnier komisarioak onartu duenean ur hornidura pribatizazio planetatik kanpo uztea. Milioi eta erdi sinaduraz goiti bildu dituzte ura zerbitzu publiko eta giza eskubidetzat aldarrikatzen dutenek. Gerran segitzen dute, ordea, uraren jabegoa bereganatu nahi dutenek.

2010ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak gizarte zibilaren eskari historiko bat aintzat hartu eta giza eskubide izendatu zuen ur edangarria eta saneamendua eskura edukitzea, behar adinako kopuruan eta behar adinako kalitatez. Harrigarria eman dezake izendapena hain berandu iristeak, baina horrek badu arrazoia: “Duela hogei urte, inori ez zitzaion bururatuko ura giza eskubidea ez denik; izaera horri mehatxu egin zaiolako egin behar izan du NBEk bere aldarrikapena”, diosku Eloi Badia kataluniarrak. Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteko eta uraren publikotasunaren aldeko hainbat plataformatako kidea da Badia. Argitu dezagun, ezer baino lehen, aipatu duen mehatxua ez dela atzo goizekoa. 80ko hamarkadatik, hainbat nazioarteko itunen bidez, munduko politikak diseinatzen dituztenak uraren kudeaketaren atea zabaltzen saiatu dira, merkatu librea sar dadin. Antza denez, 90eko hamarkadan Hego Amerikan izandako pribatizazio oldearen porrota ez da nahikoa irakaspen ona izan; azken urteetan, Europa da uraren multinazionalen jomuga berria. Eta pribatizazioaren podiumean, Britainia Handiaren ondotik, Euskal Herria partekatzen duten estatu biak daude, nahiz eta horrek modu desberdinean eragiten digun Bidasoaren alde batekoei eta bestekoei.

Zergatik falta da ura?

Aitzina egin baino lehenago, koka dezagun gaia bere testuinguruan. NBEk berak mundu mailako krisian gaudela ohartaraziz hasi zuen Ura denontzat, ura bizitzarako txostena, 2003an. Leku batzuetan euri dezente bota du ordutik, beste batzuetan askoz gutxiago, baina esan dezakegu egoerak ez duela hobera egin, kontrakoa baizik. Mundu osoan, 1.100 milioi pertsonak ez dute ur edangarria eskuratzerik –ondorioz, milioika hiltzen dira gaixotasun sendagarriren batek jota–, eta 2.600 milioi oinarrizko saneamendurik gabe bizi dira.

“Ur kopurua berdina da gutxi gorabehera”, dio Eloi Badiak, “baina gero eta ur edangarri gutxiago dago”. Horren arrazoi bat kutsadura da. Beste bat, ura nola erabiltzen dugun. Susan George analista eta idazleak 2010ean idatzitako Whose crisis, whose future? (Noren krisia, noren etorkizuna?) liburuan irakur dezakegunez, uraren %8 besterik ez da kontsumitzen etxeetan, aberatsenen igerilekuak barne. Gainerakoa, industriak eta nekazaritzak “edaten” dute. Laborantzak, zehazki, hamar litrotik zazpi bereganatzen du. “Mediterranearra bezalako klima batean –dio Bartzelonan bizi den Eloi Badiak– ehortea egoteak ez du berez agortzen edateko ura, eta hala ere etxeetan etenak egoten dira; egoera horretara iristeak esan nahi du erabileraren lehentasunak alderantzizkatu egin ditugula”.

Euskal Herrian zaila da ur faltagatik etenak ikustea, baina horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik. Bizkaian, Bilbao Bizkaia partzuergo erraldoiarekin lehian ari da Busturialdekoa, askoz txikiagoa. Iratxe Arriola presidenteak dioskunez, ez dute hornidura eten behar izaten, baina udan, euria gutxitzea eta eskualdeko populazioa hirukoiztea elkartzen direnean, erreka asko oso ur gutxirekin geratzen dira zerbitzua ziurtatuko bada. Horrek ondorio kaltegarriak ditu ekosistemetan, eskualdeko ekologistek partzuergoari gogorararazten diotenez. Baina hark ez du diru nahikorik inbertsioak egiteko, Jaurlaritzaren laguntza gehienak Bilbao Bizkaiara doaz eta.
Pribatizazioak porrot, baina aurrera 
Honezkero aditzera eman dugunez, askok ideia bat zabaldu nahi izan dute azken hamarkadetan: uraren kudeaketa hobetzeko modua, enpresa pribatuen esku uztea da. “Kudeaketaz ari gara beti, uraren jabetza pribatua hutsaren hurrengoa baita”, argitu du Badiak, “eta kudeaketa bera ere publikoa da hein handi batean: munduan, %85 inguru”. Alabaina, 80ko hamarkadan sektore pribatuaren pesentzia areagotzeko politikak garatzen hasi ziren, eta gestio pribatuak publikoak baino emaitza okerragoak dituela frogatu arren, haren portzentajea handituz joango dela aurreikusten da. Urte gutxiren buruan %25eraino hazi liteke, Badiaren esanetan.
Eremu pribatua sustatu nahi duen doktrina Washingtongo Kontsentsuarekin abiatu zen, duela 30 urte inguru. Doktrina hori honela laburtu daiteke: ur-baliabideak merkatuaren printzipioei jarraiki maneiatu behar dira, eta bai edateko ura bai saneamendua ondasun ekonomikotzat hartu behar dira. Beraz, zerbitzu horiek enpresa pribatuek kudeatu behar dituzte, publikoak baino eraginkorragoak baitira. Ustez, merkatuaren lehiakortasunak efikazia handituko du.

Praktikan ikusi dena, berriz, besterik da. Pedro Arrojo aditu espainiarrak dioenez, lehiakortasunaren abantailaren argudioa  baliagarria izan daiteke beste alor batzuetan, baina ez dauka zentzurik urarenean, ur-hornidura zerbitzuek izaera monopolistikoa dutelako. Alegia, pribatizazioak lehiakortasuna sor dezake merkatua eskuratzeko unean, baina behin enpresa batek kontzesioa lortuta –normalean hainbat hamarkadatan aritzeko kontsezioa izaten da–, monopolio bihurtzen da. “Testuinguru horretan, eta paradoxa eman badezake ere, lehiakortasuna desagertzen da”, dio Arrojok. Ondorioa izaten da zerbitzua ez dela hobetzen, eta bai garestitzen. Erabiltzaileak ez dauka horren aurrean presio egiteko modurik, ezin baitu besterik gabe beste enpresa bat kontratatu. Hainbat ikerketa egin dira uraren gestio publikoa eta pribatua konparatzeko, eta ikusi denez, lehenbizikoak zerbitzu hobea ematen du.
Laborategia Hego Amerikan ezarri zuten 
Esandakoaren adibide, azken hamarkadetan, mundu osoko leku askotan erakundeek uraren kudeaketa publikora bueltatzea erabaki dute, sektore pribatuak porrot egin ostean. Batez ere, aipagarria da Latinoamerikaren kasua. Honela azaldu digu Eloi Badiak: “90eko hamarkadan Hego Amerika hartu zuten laborategitzat Washingtongo Kontsentsutik eratorritako politikak gauzatzeko, ezaugarri egokiak zituen eskualdea baitzen: batez besteko errenta behar bezain handia zen, aurreko urteetan egindako inbertsio publikoei esker beharrezko azpiegiturak baziren, zerbitzua nahikoa unibertsalizatuta zegoen...”. Pribatizazio oldeak, ordea, protesta sozial handia eragin zuen XXI. mendea hastearekin batera, herritarrek merkatu librearen onurak dastatu ahal izan zituztenean: tarifak igotzea, kontratuak ez betetzea, sarearen gabeziak ez konpontzea... Bestalde, enpresa pribatuak gune populatuetara besterik ez dute jotzen, eta bazterrean uzten dute landa eremua, ez baitzaie errentagarria.
Europa da merkatu berria
Hego Amerikako esperimentua gaizki atera zitzaion sektore pribatuari, baina krisiari esker beste merkatu bat sortu zaie: Europa. EPSUk, Zerbitzu Publikoetako Sindikatuen Europako Federazioak, plazaratuta dauka gaia xehetzen duen agiria, gaztelaniaz titulatua “Por qué el agua es un servicio público: destapando los mitos de la privatización”. Hamaika orrialde mamitsutan azaltzen du nolaz ura pribatizatzeko “moda” ekarri duten Europara Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europar Batasunak, Troika izen sobietarrez bataiatutako hirukote neoliberalak.

Aurreko orrialdean azaldutako Greziako kasua ez da bakarra. Portugalen, Aguas de Portugal enpresa publikoaren pribatizatzea planteatu da herrialdearen ekonomia “sendatzeko” neurri gisa, eta Italiak ere antzeko presioak ditu. Italiako kasua paradigmatikoa da, gizarte zibilak lortu baitzuen, sinadura bilketa bidez, gaiari buruzko errereferenduma antolatzea eta irabaztea, 2011ko ekainean. Ura esku publikoetan uztea, edo dagokionean esku publikoetara itzultzea erabaki zuten italiarrek bozkaz, baina Europako Banku Zentralak gobernuari jakinarazi dio ez dela momentu egokiena herritarren nahi hori praktikan jartzeko. Desobedientzia zibila bizi-bizi dago orain.

Europako Gizarte zibilak lortu du halaber, eta zehazkiago EPSUk, milioi eta erdi sinadura baino gehiago biltzea –milioi bat behar zuten– ura pribatizatzearen aurka. Hala, Michel Barnier, Europar Batasuneko Barne Merkatu eta Zerbitzuetako komisarioak, pribatizazioari buruzko zuzentarautik kanpo utzi du ura.
Hego Euskal Herria, publikotasun irla Espainiako liberalizazio uholdean
Kontuak kontu, uraren kudaketa pribatuak indar handiagoa du Europan munduko beste lekuetan baino. Zehatz esateko, %30 inguru, munduko %10a baino dezente handiagoa. Baina hainbat estatutan gestioa erabat publikoa da, eta horrek esan nahi du beste batzuetan portzentajea handiagoa dela. Arestian esan bezala, Frantziako eta Espainiako estatuak dira kudeaketa pribatu gehien daukatenetako bi.

Euskal Herrian modu desberdinean eragiten du horrek Iparraldean edo Hegoaldean. Iparraldean, ia udal guztietan kudeaketa pribatua dago; salbuespenen artean, hori bai, Baiona dagoela esan behar da. Hego Euskal Herria, berriz, uhartetzat jar daiteke Espainaiko Estatuan: kudeaketa publikoa %85-90ekoa da, estatukoa %50 ingurukoa denean –urte amaieran %43ra jaitsiko dela kalkulatzen dute ur publikoaren aldeko mugimenduek–.

Lehenago gogora ekarri ditugun lehorteak ez dira erabiltzaile bati ura eteteko arrazoi nagusi bakarra, gaur egungo krisi egoeran. Operadore pribatuek Espainiako hirietako hornidurak eskuratu ahala, gero eta maizago ikusten da faktura bakarra ordaintzeari uzteagatik ur gabe geratzea. Giza eskubide izaerarekin nekez ezkondu daiteke hori, Luis Babianok, AEOPASeko (Hornidura eta Saneamenduko Operadore Publikoen Espainiako Elkartea) gerenteak dioenez. Babianok inbidiaz begiratzen dio Hego Euskal Herriari. Haren ustetan, uraren izaera publikoa ongi blindatuta dago hemen, gizarte zibilak oso barneratuta duen ideia delako.

Pribatizazioaren mamuaz salbu da Hegoaldea, hortaz? Momentuz baietz esan liteke, baina tentuz ibiltzeko gomendatzen dute zenbaitek. Ez da ahaztu behar Javier Maroto Gasteizko alkateak AMVISA, hiria urez hornitzen duen enpresa publikoaren %49 pribatizatzeko asmoa, oraingoz gauzatu gabea, agertu zuela iazko udazkenean. Erantzun moduan, akaso, Arabako Batzar Nagusiek PSEk aurkeztutako mozio bat onartu zuten joan den apirilean, Aldundiari eskatuz ez dezala liberalizatu uraren sektorea. Bestalde, Espainiako Estatuan iragarrita dagoen udal administrazioaren erreformak zerbitzu ororen pribatizazioa erraztuko du, Madrilgo Gobernuak berak aitortu duenez. Nolanahi, arrisku handirik ez du ikusten Iñigo Elosegik, Gipuzkoako Urak partzuergoko gerenteak: “Uraren pribatizazioa, hemen, oso lotuta dago aukera politiko batekin; nik ez ditut ikusten EAJ, PSE eta Bildu bide hori urratzeko prest”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario