(Argia astekarian Unai Brea-tik idatzitako artikulua)
Iazko urrian, Patxi Lopez EAEko lehendakariak berri
ona eman zigun, Euskal Herrian bakerako oinarriak ezartzen ari ziren bitartean
berak AEBetara egindako bidaiatik ekarria: erkidegoaren beharrak 60 urtez
asetzeko adina gas natural du gordeta Arabako lur azpiak, norbaitek ateratzeko
zain. Eta hausketa hidraulikoaren, alegia, frackingaren bitartez, luze gabe
izango zen gas hori erabilgarri.
“Jendea orduan hasi zen kezkatzen, ea zer ote zen
fracking delako hori”, dio Andres Illana Fracking Ez Araba plataformako
bozeramailetako batek. Kezka haren emaitza izan zen plataforma, abenduan
sortua. Baina 2011ko urrian, Euskal Herrian gutxik zuten frackingaren berri.
Horien artean, Ibarretxeren garaiko administrazioak sortutako SHESA (Euskadiko
Hidrokarburo Elkartea) enpresa publikoko kideak.
2006tik SHESAk Heyco eta Cambria enpresa
estatubatuarrekin –azken bi horiek ditu euskal konpainiak bazkide, gasa
ustiatzeko proiektuan– egindako bileren aktak eskuratu ditu Argiak. Lehenbiziko
batzarretan presa zutela agertu zuten Heycoko ordezkariek; 2007. urtea amaitu
baino lehen hasi nahi zuten putzuak zulatzen. SHESAkoek erantzun zieten nekez
lortuko zela epe horretan lanean hastea, denbora behar baitzen ingurumen
baimenak lortzeko. Atzerapena atzerapenaren ondotik, azkenean 2014rako
aurreikusi da lehen putzu biak zulatzea, Subillana Gasteiz herritik gertu.
Hurrengo bileren aktetatik ondorioztatu daiteke
Heycok kezka zuela ingurumenaren babes neurriek bere asmoei eragin diezaieketen
atzerapenez. 2007ko urtarrilean, Cambria konpainiako kideek parte hartu zuten
lehenengo batzarrean, Heycoko presidente George Yatesek galdetu zuen ea proiektua
moteldu zezakeen ingurumen aferarik bazen. Orduan zein orain SHESAko ordezkari
nagusia denak, Juan Cruz Vicuñak, erantzun zion esanguratsu bakarra zela
Gasteizko Mendiek etorkizunean izango zuten babes araudia –dagoeneko oso
aurreratuta daude inguru hori parke natural izendatzeko tramiteak–, eta askoz
neurri txikiagoan, Subillanako akuiferoa.
Ez zuen Vicuñak bere aurreikuspenetan asmatu,
akuiferoa baita SHESA eta bere bazkideen proiektuaren aurkariek gehien
darabilten argudioetako bat. “EAEko ur erreserba garrantzitsuena da”, azaldu
digu Andres Illanak, “eta balio estrategiko handia du, erakundeek ere onartua.
Gaur egun Bilbo eta Gasteiz urez hornitzen dituzten Zadorrako urtegien
alternatiba bakarra da”.
Hausketa hidraulikoak arrisku bizian jarriko luke
horko ura, Mikel Otero Fracking Ez Arabako kidearen esanetan: “Gehigarri
kutsagarriak dauzkaten hainbat milioi litro ur pasaraziko dituzte hortik, eta
akuiferora iristeko beldurra dugu. Gainera, akuiferoa ukitu ala ez, sartutako
ur gehiena lurpean geratuko da, eta ez dakigu hortik nora zabaldu daitekeen”.
Antzeko iritzia agertu digu Javi Carro EAJko
legebiltzarkideak. Azken hilabeteetan Carro izan da frackingaren aurka
Gasteizko Legebiltzarrean gehien nabarmendu den parlamentarietako bat. “Gure
baliabideak era egokian ustiatu behar ditugu, eta kasu honetan akuiferoa da
lehentasuna daukana, gas naturalaren aurretik”. Gasa ustiatzearen alde dago
Carro, baina ez Eusko Jaurlaritza aurrera darabilen proiektuarekin. “Fracking
teknika berrogeialdian sartu behar da, ezer eta inor ez kutsatzeko. Izan
gaitezen zuhurrak eta babestu ditzagun akuiferoak. Gasak ez du inora alde
egingo, izango da denbora teknika seguruagoak garatzeko, baina bitartean
itxaron egin behar da. Ez daukagu orain ustiatzeko premiarik, EAE ondo
hornituta baitago gas naturalez”.
Eta hurrengo legegintzaldian zer?
Gogoan hartu behar da 2006an, SHESA eta Heyco lehen
bilerak egiten hasi zenean, jeltzaleak zeudela boterean EAEn. “Logikoa da”,
aitortu du Carrok, “jendeak pentsatzea datozen hauteskundeen ostean EAJk
frackingarekin aurrera jarraituko duela, baldin eta berriz itzultzen bada Gobernura.
Baina nik espero dut orain esaten ari garenaren arabera jokatuko dugula,
alegia, energiaren aurretik akuiferoei lehentasuna emanez, eta frackinga behar
beste denbora –hiru urte, bost, edo hogei– berrogeialdian edukiz, alternatiba
seguruak garatu arte”. Denborak esango du.
Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak energiari buruz dituen
asmoak Euskadiko Energia Estrategia 2020 txostenean daude jasota. Haren 166.
orrialdean irakur daiteke honakoa: “Garrantzitsua da gas naturaleko erreserbak
esploratzeko eta, hala badagokio, ustiatzeko eskaerak eta baimenak izapidetzeko
egungo araudia erabat sinplifikatuko duten ekimenak gauzatzea. (...) Hori
lehentasunezko jardun-esparru bat izango da energiako iritzi-zentroarentzat
(edo Think Tank), zeinaren sorkuntza eta garapena aurreko ekimenetan proposatu
den. Zehazki, gas naturalaren esparruan iritzi-egoerak eta araudi-proposamenak
sortzea izango da zentro horren erreferentziazko ildoetako bat”.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen ustez,
ez dago alde handirik paragrafo horrek dioenaren eta Heyco eta Cambria enpresen
diskurtsoen artean. Maeztu, Javi Carrorekin eta Gasteizko Legebiltzarreko beste
kide batzuekin batera, Bartzelonan izan zen martxoan, Gas Ez-konbentzionalaren
Foroan, eta John Underwood, Heyco enpresako esplorazio zuzendariaren hitzak
entzuteko aukera eduki zuen. “Arabakoaz hitz egiten zuen dagoeneko eginda
balego bezala. Zer aukera zegoen zer etekin aterako zen...”. Maezturen ustez,
Heycokoek hain garbi hitz egiteak frogatu egiten du Jaurlaritza gezurretan ari
dela, esaten duenean oraingoz esplorazioa besterik ez dela egingo eta horren
arabera erabakiko dela ustiapen faseari ekin ala ez. “Garrantzitsuena da
kontratuak sinatuta daudela. Beraientzat ingurumena tramite hutsa da. Enpresa
horiek ez dute hemendik alde egingo ingurumen inpaktu azterketek esaten badute
ezin dela frackinga erabili. Ez, egingo dutena da hemengoei agindu ingurumen
inpaktu azterketak positiboak izan daitezela”.
Araban gasa ustiatzeko proiektuari buruzko
ingurumen inpaktu azterketarik ez da egin oraindik, ordea. Legebiltzarrak,
otsailean onartutako legez besteko proposamen baten bitartez –PSEk baino ez
zuen kontra bozkatu–, Jaurlaritzari hala eskatu zion, baina legez besteko
proposamena izanda, Gobernuak ez du zertan bete, Maeztuk gogorarazi digunez.
“Beraiek ematen duten aitzakia da momentuz esplorazioa egingo dutela, ez
ustiaketa, eta beraz ez dela beharrezkoa inpaktu azterketa egitea”.
PSE bakarrik geratu da posizio horren defentsan.
Fracking Ez Arabako Andres Illanak diosku ez daukala ez hanka ez bururik
inpaktu azterketa ez egiteak, “legeak hala eskatzen baitu plan estrategikoen
kasuan; lehendakariak publikoki adierazi du 60 urterako gasa ateratzeari ekingo
zaiola, zer da hori estrategia ez bada?”. Uztailaren 5ean, egunkarietan
agertutako albiste batek zioen Europar Batzordeak ere ingurumen inpaktu
azterketa egiteko eskatu ziola Jaurlaritzari. Lehenago, urtarrilean, eskari
bera egin zuen Gasteizko Udalak –bere lurraldean daude Subillanako
putzuak–; PPk ez du frackingaren aurkako jarrera argirik erakutsi gainerako
erakundeetan, baina askok uste dute Gasteiz aurten Green Capital izateak udala
behartu duela tentuz jokatzera. Izan ere, momentuz ez dute eman putzuak egiteko
nahitaezkoa den baimena, SHESAk helarazi dion informazioa nahikoa ez dela
argudiatuta.
Ingurumenari egiten zaion kaltearen aldetik ez dago
inongo desberdintasunik esplorazioaren eta ustiaketaren artean, azpiegitura
berbera da Illanak azpimarratzen duenez. Are gehiago, esplorazioak izango du
ustiaketatik zerbait. SHESA, Heyco eta Cambriaren arteko 2007ko bileren aktetan
ikus daitekeenez, lehenbizikoak iradoki zuen azterketa egin bitartean
eskuratutako gasa merkaturatzeko, zulatze lanen kostuak berdintze aldera.
Aurten bertan, Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariek baieztatu dute
publikoki hala egingo dela.
2.000 putzutik gora
Fracking Ez Araba plataformak publiko egin du
Jaurlaritzaren iragarpenetan oinarrituta egindako kalkulu bat: Patxi Lopezek
esan bezala 60 urterako gasa badago Araban, hori ustiatzeko 2.000 putzu baino
gehiago egin beharko dira herrialdean. Eta horien artean, ezin konta ahala
kamioi etengabeko joan-etorrian, horretarako beren-beregi sortutako
errepideetan.
Frackingak eragindako arazo horiez guztiez gain,
plataformako kideek beste arrazoi on bat aipatzen dute haren aurka agertzeko:
erregai fosilen aldeko apustua alferrik luzatzea besterik ez da. Alegia,
hidrokarburoen gainbeherari aurre egiteko azken saiakera, belaki lehor bati
azken ur tantak kosta ahala kosta kendu nahi izatearen parekoa. Garestiegi
atera daitekeen ahalegina. Poloniak eman digu adibidea. Hasierako
aurreikuspenek ziotena baino %80 gutxiago ateratzea espero dute orain, behin
lurra zulatzen hasi direnean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario