2012/07/16

Hondakinen kudeaketa jasangarri eta bideragarri baten alde

Olaztiko Cementos Portlanden hondakinen errausketaren kontra lan egiten duen “3 Mugak Batera” plataformak, herritar guztiak hurrengo uztailaren 21an, larunbata, 19:00etan Olaztiko herri plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditu ondorengo arrazoiengatik.

Nafarroako Gobernua eta Portland burutzen ari diren hondakinak errausteko inposizioa, bere bide orri errukigabea betetzen ari da. Orain dela aste gutxi batzuk oraindik Nafarroako Gobernuko Lehendakariordea zen Jimenez jaunak, behin NHKPIk aurrikusten zuen energia balioztatzeko planta baztertu ondoren, Olaztiko porlandegia egoki txertatzen zela NHKPI horretan adierazi zuen, eta gaur jakin dugu horixe dela Nafarroako Gobernuak hondakinak erretzeko egin duen aukera, hori bai, beti ere Nafarroan sortutako hondakinei “lehentasuna emanez”.

Horretarako ez du zalantzarik izan bere esku dauden inposizio tresna guztiak lotsagabeki erabiltzeko, PSIS delakoa adibide, zonalde osoaren borondatearen gainetik pasatzeko eta Olaztiko Udalaren partehartzea saihesteko aplikatuko duten ez-ohiko tresna. Azken honen udal araudiek bere eremu osoan hondakinak erretzea debekatzen dute eta horrelako jarduerak burutzeko gutxieneko distantzia batzuk ere ezartzen dituzte. Honen harira esan beharra dago izugarrizko bidegabekeria litzatekeela, udal araudian zehazten diren segurtasun distantziak deuseztatzeaz gain, NHKPIn bertan jasotako balioztatze energetikoa horretarako zehazki prestatutako planta batean egiteko gorde behar direnak ere baliogabetzea.


Eta aipatutako guztia gainera, multinazional baten aldeko jarrera larria eta zuritu ezinezkoa da, are gehiago, hau ez denean hain zuzen ere nafarron interes orokorraren alde jokatzeagatik nabarmendu CNC berak agerian utzi duen moduan, probatutzat eman baitu guztiok engainatu eta iruzur egin digula bere legez kanpoko jardunbideekin.
Ezin da justifikaezina justifikatu eta horren ageriko froga da ez-ohiko tresna administratibo hori ez dela hondakinak erretzen dituzten beste porlandegi bakar batekin ere aplikatu.

NHKPIn aurrikusten zen hondakinak balioztatzeko planta baztertu zuenean, gutxiago kutsatzen duten beste aukera batzuk aztertuko zirela adierazi zuen Nafarroako Gobernuak. Baina porlandegi batean egindako hondakinen energia balioztatzea ez da gutxiago kutsatzen duen aukera, isuri kutsatzaileen dekretu berberaz arautuak egon arren bi aukerak, porlana ekoizteko labeek salbuespen garrantzitsuak baitituzte isuri batzuei dagokionez.

Ezin gaituzte bigarren mailako herritartzat hartu. Iruzurrez, manipulazioz eta azpijokoz nazkaturik gaude. Denon gainetik, gure eta gure seme-alaben osasunaren gainetik pasa nahi duen FCC hondakinen multinazionalaren mesedetan egindako ikaragarrizko eskandalu hau salatu behar dugu.

Proiektu suntsitzaile honi aurre egin behar diogu, hurrengo uztailaren 21an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan Olaztiko plazatik aterako den manifestazioan parte hartu behar dugu!


HONDAKINEN KUDEAKETA JASANGARRI ETA BIDERAGARRI BATEN ALDE

LANARI, BAI! OSASUNARI, BAI! ETORKIZUNARI, BAI!


No hay comentarios:

Publicar un comentario