2012/02/15

Haustura hidraulikoa (Fracking) ezagutuz



(Garikoitz Perurena-ren Ardura zaitez! blogatik ateratako iritzi artikulua)

Joan den ostiralean Lizarrako Ekologistak Martxan taldeak haustura hidraulikoa edo fracking bezala ezagutzen den gasa erauzteko prozedurari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen. Bertan Euskal Herrian dagoeneko gasa ateratzeko martxan dauden proiektu batzuen berri eman zuten, bai eta prozeduaren arriskua salatu ere.

Etxeetan, lantegietan eta abarretan erabiltzen dugun gasa lur barneko putzuetatik erauzitakoa izan da orain arte. Erauzitako gasa lurraren barnean milaka metrotara egoten da, poltsa batetan gatibu. Oraingo honetan, ordea, gasa erauzteko beste prozedura batekin datozkigu: fracking edo haustura hidraulikoa. Prozedura honen funtsa ez da poltsa batetan bilduta dagoen gasa ateratzea, baizik eta lur barnean 5000 metro inguruan dauden harrietako milaka poro mikroskopikoetan dagoena erauztea. Jakina, horretarako harri horiek birrintzea besterik ez dago, eta hori bertara ura eta ehunka produktu kimiko presio handian sartuz lortzen dute.

Prozedurak arrisku handia dauka. Alde batetik, sartutako likidoa presio handian sartzen denez, horrek lurra goraka bultzatzen du eta lurzorua urratu eta arrakalak sortu daitezke. Beste alde batetik, 5000 metrotara dagoen harria birrinduz gero hutsune ikaragarria geratzen da bertan, eta zulo horrek ez badio goiko lurrari eusten lurzoruan zulo izugarriak ireki daitezke. Gainera, erauzketa egiteko putzu asko egin behar dituzte gasa dagoela uste duten hedadura guztian zehar, eta putzu bakoitzarekin arriskua biderkatzen da. Halaber putzu horietako bakoitzak berorren inguruan 2 hektarea zementatzea eskatzen du, inguruko lur guztiak desjabetuz, basoak moztuz eta bertako fauna aldeginaraziz.

Gizakiaren osasunean ere eragin handia izan dezake honek. Izan ere gasa erauzteko erabiltzen den likidoa lur barnean nora doan jakitea ia ezinezkoa da, eta askotan gertuko akuiferoak kutsatzen dira. Akuiferoak kutsatuta ondoko erreka eta ibaiak eta, azken finean, gizakiak edateko erabiltzen duen ura kutsatzeko arrisku handia dago. Likido horretan milaka produktu daude, eta minibizi-eragileak dira horietako asko.

Erauzketa Araba hegoaldean eta Nafarroa erdialdean burutzeko asmoa dute. Areago, dagoeneko lehendabiziko prospekzioak egiteko eskubideak lortu dituzte. Baina dena ez dago galdua. Elkarteek ez ezik, biztanle orok du edozein proiekturi buruz informatzeko eta kontrako alegazioak egiteko eskubidea, eta alegazio horiek errazteko elkarte askok jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren eta alegazioen ereduak dauzkate (kopiatu eta entregatu besterik egin behar ez direnak).

Informa zaitez eta ez zaitez eskuak gurutze geratu!

Estekak:


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada