Martxoaren 17an Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko
Foru Legearen testu berria eztabaidatuko dute
Nafarroako Parlamentuan. Testu berriak, Landa Garapeneko eta
Ingurumeneko Batzordean izandako eztabaida saio luzeen ondorioz,
nabarmen hobetu du Nafarroako Gobernuak 2021eko irailean onartutako
testua. Baina, Ekologistak Martxanen iritziz, lege hori motz
gelditzen
da klima aldaketak dakartzan
berehalako premien aurrean.
Testu berriak gabezia handiak ditu oraindik:
Hutsune nagusia da ez duela fiskalitatea kontuan hartzen, eta hori
funtsezko tresna da
ekoizpen-moduak eta mugikortasun zein
kontsumo ohiturak birbideratzeko.
Ihes
egiten dio emisioak murrizteko helburu
lotesle bat ezartzeko konpromisoari, Europako Itun Berdeak emisioak
%55 murrizteko ezartzen dituen helburuei erreferentzia nahasia
egiten
baitio.
Birmoldaketa handien
behar duten sektoreetako neurriek, emisioak gehien handitzen
dituztenek ‒alegia,
mugikortasunak eta lehen sektoreak‒
irtenbide teknologikoak edo zalantzazko ezarpen planak dituzte; hau
da, gizarte arrakala handitzen duten ihes itsuak.
Ingurumen hezkuntza, esparru formalean zein
ez-formalean, giltzarria da beharrezkoa dugun trantsizioan,
larrialdi klimatikoa ulertzeko eta itxaropen, emozio eta praktika
arrakastatsuak partekatzeko. Baina legean lauso agertzen da, benetan
beteko den ez dakigun ingurumen hezkuntzako plan baten arabera.
Erran bezala, testu berriak aurrekoa hobetzen duten aldaketak ditu.
Hauek dira garrantzitsuenak:
Eztabaidatuko den testuak epeak jartzen ditu erregelamenduak eta
planak egiteko; eta horrek hobetzen du Gobernuak nahita zehaztu gabe
aurkeztu zuen lege proiektu deklaratibo hutsa.
Aurreko zirriborroetatik desagertu ziren betebeharrak berreskuratzen
ditu testu berriak; adibidez, 2.000 m2 baino gehiagoko eraikinetan
eta azalera handiko aparkalekuetan sistema fotovoltaikoak
instalatzea, edo gas naturaleko sarea duten etxebizitzetan eta
hirugarren sektoreko eraikinetan berokuntzarako gasolioaren
hornidura debekatzea.
Helburua ezartzen
du 2030erako nekazaritzako lurraren %25
kudeaketa ekologikokoa izan
dadin. Horrek trantsizio agroekologikoaren aldeko asmo deklaratibo
hutsa gainditzen du eta ezin dugu ahaztu trantsizio hori trantsizio
energetikoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela.
Badakar kontu bat funtsezkoa izanen
dena eskasia eta garestitzea
nagusi diren uneetan: “Herritar guztiei oinarrizko baliabide jakin
batzuen gutxieneko bizi-kontsumoa bermatzea: energia elektrikoa,
hidrokarburoa
ez duten
erregaiak eta ura”.
Klima Aldaketari buruzko Nafarroako Herritarren Batzarra sortu du,
nahiz eta gerta daitekeen apaingarri
hutsa izatea, eztabaidarakoa baita eta,
Europako bertze
herrialde batzuetan gertatzen denaren kontrara, proposamen
garrantzitsuenak eta adostuenak onartzeko konpromisorik gabea.
Bi urteko epean, kontratazio publiko guztiek beren klausuletan
produktuen edo zerbitzuen karbono-aztarna sartzea nahitaezkoa izanen
da.
Testuaren gabeziak alde batera utzi eta sartutako hobekuntzei
erreparatuko bagenie, agian Nafarroako Gobernuari konfiantzazko botoa
eman beharko litzaioke lege honen ezarpenean. Baina
arazoa da orain arte Gobernuak ez duela
Ekologistak Martxanengan sinesgarritasunik sortu, bere proiektu
izarrek
emisioak gehitzea baino
ez baitute egin: AHT, Nafarroako Ubidea,
Muga meatzea, Esaren handitzea,
hidrogeno berdea, auto elektrikoa… Imajina dezagun zenbat gauza
bultza zitezkeen xahutzen dituzten dirutzekin eta Next Generation
funtsekin: proiektu agroekologikoa, itzultzeko ontziak erabiltzeko
sistemak, energia-komunitateak, hiri-baratzeak, korridore
ekologikoak, bizikleta bideak...
Zalantza dugu Nafarroako Gobernuak plan eta erregelamendu kopuru
izugarria ezarritako epe laburretan garatzeko duen benetako interesaz
eta gaitasunaz. Hori izanen da bere konpromiso klimatikoaren
termometroa. Izan ere, azterketa, txosten eta plan asko egiten dituen
Gobernua ikusten dugu, baina ez da gai berotegi-efektua eragiten
duten gasen emisioen igoera geldiarazteko neurri eraginkorrak
ezartzeko. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako
Ministerioaren arabera, 2014tik 2019ra bitartean
(autonomia-erkidegoen emisioen inbentarioko azken datuak), emisioek
gora egin
dute, 2018an beherakada txiki bat izan ezik. 2018tik 2019ra %14.
Nahiz eta, seguruenik, hau izanen den Espainiako estatuko klima
aldaketari buruzko lege guztien artean anbizio
handiena duena edo neurri zehatz gehiena duena, oraindik
ere motz gelditzen da klima aldaketaren larrialdiaren aurrean.
Klima-ekintza
eta eredu-aldaketa premiazkoak dira,
eta berriz
ere IPCCk eskatzen digu, inpaktuei, egokitzapenari eta
zaurgarritasunari buruzko entrega berrian.
Ez dago erantzun itxaropentsurik
klima-aldaketaren aurrean, eredua aldatu gabe. Auto elektrikoaren
sirena-kantuek, hidrogeno berdeak edo energia berriztagarrien
makroproiektuek talka egiten dute behin eta berriz planetaren mugen
eta materialen eskasiaren kontra. Horregatik, beharrezkoa eta
premiazkoa da soiltasunean, euspenean
eta desazkundean
oinarrituriko
eredu bat.
Erakundeek Ekologistak Martxan taldea ondoan
izanen dute, kontsumoa eta emisioak
murriztearen aldeko neurri zentzuzkoei laguntzeko, hau da,
trantsizioaren pisua errenta txikiagoko pertsonen eta hegoaldeko
herrialdeen gain egon ez dadin. Baina berdez tindaturiko
makroproiektuen falazietan aurrez aurre izanen gaituzte. Adi
egonen gara. Ezin baitugu
minutu bat gehiago ere galdu.