(Urko Apaolazaren Argia aldizkaritik hartutako artikulua)
Espainiako Renfe tren konpainiak %70erainiko deskontua egingo du abiadura handiko trenen tarifetan. Sustapen ministerioak jakinarazi duenez, hegazkin konpainiek erabiltzen duten sistema bera izango dute eta deskontua eskaeraren arabera izango da. Espainia AHT kilometro gehien duen herrialdea da Europan eta bigarrena munduan. Trenbide gehienak, ordea, defizitarioak dira erabilera eskasagatik.
Europako Batzordearen kalkuluen arabera, abiadura handiko trenbide batek 9 milioi bidaiari behar ditu errentagarri izateko. Espainiako Estatuan, Madril-Bartzelona ibilbidean, 6 milioi lagun baino ez doaz urtean, eta beste ibilbide batzuen egoera are larriagoa da –Toledo eta Albacete artekoa bertan behera geratu zen 2011n, egunean 10 pertsona baino gutxiagok erabiltzen zuelako–. Renferen prezio politika berriak bidaiari kopurua handitzeko helburua du: “Gaur egun trena hartu ezin duen jende askok lehen aldiz zerbitzua erabiltzea da asmoa”, esan berri du Ana Pastor Sustapen ministroak. Espainiako Gobernuak uste du herritarrek trena ez erabiltzearen arrazoi nagusietako bat orain arte txartela oso garestia izatea dela.








