(Berria egunkaritik hartutako albistea)
Hiru urte egin ditu Sustrai Erakuntza fundazioak lanean: auzitegietan
egiten du naturari eragiten dioten proiektuen aurka. Herri mugimenduen eta arlo
juridikoaren arteko zubi bat izatea du xede fundazioak.
«Nahi ez dugun garapen eredu baten biktima gara». Horixe nabarmendu du
Martin Zelaiak, Sustrai Erakuntza fundazioko presidenteak. Hiru urteko bidea
egin du jada erakunde horrek Nafarroan, «ingurumenari mehatxu egiten dioten
proiektuen aurka lanean». Abiadura handiko trenaren eta Castejongo zentral
termikoen kontrako mugimenduetan ari ziren hainbat herritarrek bat egin eta
gero sortu zen, esparru juridikoan aritzeko. Herritarren eta epaitegien arteko
zubi lana egitea du xede.Orain arte egindako ibilbidea ontzat eman du Zelaiak. Herritarrek fundazioaren lana eskertzen eta aintzat hartzen dutela uste du. Horri esker, arlo juridikoan ez ezik, esparru teknikoan ere bilakatu dira aholkulari. «Zegoen hutsunea bete nahi izan dugu. Karrikan egin behar da lana, baina epaitegietan ere bai, eta esparru horretan aholku eta laguntza eman nahi izan diegu hainbat proiekturen aurka aritzen diren taldeei».
Zelaiak gogora ekarri ditu Itoizko Koordinakundeko abokatuek Itoizko urtegiaren aurka egin zuten lana eta bidea, eta nabarmendu du eredutzat har daitezkeela. «Indar guztiak bide bakar batean jartzea baino hobe da guztiak jorratzea, lehentasunak ezarriz».






