2009/12/03

Galarren autobusik ez

Udazkenaren hasierarekin, udal askok mugikortasun iraunkorraren inguruko asteak antolatzen dituzte. Gure osasuna eta ingurumena hobetzeko autoa gutxiago eta garraio publikoa gehiago erabili behar dugula konbentzitu nahi gaituzte. Egun jakin horiek pasatuta, autobideak, abiadura handiko trena eta antzeko azpiegitura erraldoiak agintarien lehentasun bilakatzen dira, eta bizikleta edo garraio publikoa bigarren mailako gaiak izaten dira.


Goian idatzitakoak isla argia dauka egunerokoan. Esaterako, Comarca II izeneko industrialdea (Ezkirotz ondoan) eta Zizur artean zeharbide bat eraikitzeko proiektu bat badago. Azpiegituraren asmoa da Galar, Ezkirotz eta Noain arteko errepidean dagoen zirkulazio handia arintzea. Udal ordezkariak kexu dira obrak oraindik hasi ez direlako. Alabaina, garraio publikoa jartzearen beharraz aipamenik ez. Izan ere, Comarca II poligonotik zein inguruko herrietatik ez da autobus publiko bat ere pasatzen. Unibertsitate ondoko errepide bihurri eta aldapatsu hori hobetzeko eskaerarekin bat egiten dut, baina txirrindulariak eta oinezkoak kontuan hartu behar direla ere proposatzen dut.

Zenbaiten ustez, autobus publikoak eta bidegorriak ez dira errentagarriak, gehienak autoz ibiltzen direlako. Hala ere, garraio publikoaz ari garenean errentagarritasun irizpideak bakarrik erabiltzea ez da bidezkoa. Azken batean, mugikortasuna pribilegioa baino gehiago eskubidea da, eta, horregatik, gure agintariek ardura dute bultzatzeko.

Juanma Hernandez Agudo

Ekologistak Martxan - Iruñea

No hay comentarios:

Publicar un comentario