2017/02/13

ZIRKULAZIOA MANTSOTZEKO ETA HARRAPAKETAK ERAGOZTEKO, BEREHALAKO NEURRIAK HAR DITZAN ESKATZEN DIO EKOLOGISTAK MARTXAN-EK IRUÑEKO UDALARI

Autoak Iruñean agertzen duen harrokeriak bertze biktima bat sortu du. Berriz ere, auto batek oinezko bat harrapatu du, oinezkoendako pasabide batean. Harrapaketa hori saihesten ahal zen, saihestu behar zen.

Margarita Alfaro Abendaño, 76 urteko iruindarra, otsailaren 12an hil da, bezperan auto batek harrapatu zuelako. Margarita Alfaro zebra bide batean harrapatu zuten, zebra bideetan izaten baitira oinezkoen harrapaketa gehienak.

Ekologistak Martxanen irudikoz, gizarteak ezin du onartu eta ezin du normaltzat jo pertsona bat hiltzea oinezkoendako bide batetik pasatzeagatik (bide horietan oinezkoa baita pasatzeko lehentasuna duena). Horregatik, Udalari eskatzen diogu bere indar guztiak bidera ditzala oinezkoen bizitzak ziurtatzera.

Horretarako, Ekologistak Martxanen ustez, nahitaezkoa da autoen zirkulazioa lasaitzea. Mantsoago joan daitezen lortu behar dugu. Eta, batez ere, zebra-bideen inguruetan joan behar dute mantsoago. Ildo horretan, neurri egokia litzateke zebra-bide guztiak goratzea, edo haien aitzinean beharrezko oztopoak jartzea autoak nahitaez mantsoago joan daitezen. Baita zebra-bide guztietan semaforoak paratzea ere.

Oinezkoekiko batere begirunerik gabe zeharkatzen dituzte gidari askok zebra-bideak, auto bat gidatzeak eskubide gehiago ematen diela sinetsiko balute bezala. Ekologistak Martxanen ustez, hori ez da horrela. Guztiok ditugun eskubideak dituzte. Areago, (mugikortasunari buruzko) eskubideak murriztu beharko lituzke airea kutsatzen duen, isiltasuna hausten duen eta hil dezakeen makina bat gidatzeak.

Araua argia da: “Gidariek pasatzeko lehentasuna dute, oinezkoen aitzinetik, behar bezala seinalaturik dauden oinezko pasabideetan izan ezik”. Alegia, zebra-bideetan, oinezkoek beti dute lehentasuna. Bada garaia auto gidariek errespeta dezaten oinezkoek bide horietan duten lehentasuna. Nola egin? Ziur gara Udalari hainbat modu bururatuko zaizkiola.

Iruñean, 2017ko otsailaren 12an

Ekologistak Martxan – Iruñea



OHAR GARRANTZITSUA: Ohar hauxe bera 2011n idatzi genuen, Txaro Basabe 60 urteko iruindarraren heriotzaren karietara. Zoritxarrez, sei urte geroago, termino berdinetan jarraitu behar dugu heriotza hauek salatzen eta zirkulazioa lasaitzeko neurriak eskatzen. Urtero-urtero, Iruñean, 2-3-4 oinezko hiltzen dituzte autoek. Udalaren inakzioa ikusita eta gizartearen erantzun epela ikusita, ematen du heriotza horiek onargarriak direla nolabait ere. Ekologistak Martxanen ustez, noski, halako heriotzak ez dira onartzen ahal.

2017 urte honetan, autoek 14 pertsona harrapatu dituzte, eta horietako bat hil. Udalak urtero ematen dituen datuen arabera, hamar harrapaketatik zazpi zebra bideetan izaten dira; eta ia harrapaketa mortal guztiak zebra bideetan izaten dira.

Urtarrilean, Iruñeko Udalak lan batzuk egin zituen Ermitagañako zebra bide zehatz batean inguruko zirkulazioa mantsotze aldera. Zebra bide horretan 76 urteko bertze emakume bat hil zen iragan abuztuan auto batek harrapatuta. Estrategia berari jarraituz, pentsatzekoa da orain M.A.A. hil den Gipuzkoa etorbideko zebra bidean halako lanak eginen dituztela hemendik gutxira. Bada, Ekologistak Martxanek Iruñeko Udalari eskatu nahi dio autoen zirkulazioa mantsotzeko lanak egin ditzala, bai, baina harrapaketa larriak gerta daitezkeen zebra bide guztietan, hau da, Iruñeko ia gehienetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario