2013/03/06

AHT aurrera eramateko "arazoak" daudela dio Rajoyk

(Argia aldizkaritik hartutako berria)


Mariano Rajoy Espainiako presidenteak onartu du "arazoak" daudela EAEko Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua aurrera eramateko. Dena den, egitasmoarekin jarraitzeko "konpromisoa" agertu du, eta Jaurlaritzako ordezkariekin hitz egingo duela gehitu du, konponbideak aurkitu ahal izateko.

Senatuan egin zituen atzo adierazpen horiek Rajoyk, EAJko bozeramaile Jokin Bildarratzek esan ostean obrak "albo batera" geratzen ari direla, eta enpresa batzuk lanean jarraitzeari uko egin diotela, ADIFek euren ahalbideen %15era lan egitera bultzatzen dituelako.

Bildarratzek salatu duenez, AHTren aurrekontua %50 murriztu da aurten, 190 milioi eurotan geratzeraino. Bien bitartean, beste ibilbide batzuek, Mediterraneokoak eta ipar-ekialdeko korridoreak esaterako, aurrekontuaren parterik handienari eutsi diotela gehitu du Bildarratzek. Rajoyri eskatu dio proiektua nola bultzatu Jaurlaritzarekin negoziatzeko, AHT "funtsezkoa" delako euskaldunentzat.

Ahal duen guztia egingo duela erantzun dio Espainiako presidenteak, kostuak "arrazionalizatzea" beharrezkoa zela gaineratu arren. "Horrek ez du esan nahi hartutako konpromisoei eutsiko ez diegunik", esan du.


No hay comentarios:

Publicar un comentario