2013/03/16

Made in Sakana

Mankomunitateak laster jarriko du martxan hondakin sistema bilketa berria eta hainbat sakandar enpresa eta gizarte eragile bere harri koxkorra ekartzen ari dira. Batetik bat Igoarkin enpresa da. “Anaia eta biok Etxarrikoak gara, Lakuntzan dugu enpresa, eta eraikuntzaren munduan enkarguak egiten ditugu”, dio Andoni Igoak, Igoarkin enpresaren sortzailea. Mankomunitateak bere proiektua aurrera ateratzeko eraikuntza batzuk beharko dituenez enkargua egin zien.

Altsasuko Amai taldeko bi lagun muntatzen ari dira diseñatutako etxolak. Bata Ihabarreko ekarpen gune bat izango da eta bestea auzokonpostaje kaxeta Etxarriko Mikel Arregi enparantzan. “Egiten ari den gauza on bat da Sakanako enpresak eta Sakanako langile batzuk elkarlanean izatea. Azken finean bai eguraldiaren ikuspuntutik, bai krisiarenetik, negu gorria pairatzen ari gara eta. Beraz, proiektu honek lan aukera on bat eskaintzen digu”, dio Jabi “Trapero”-k, Amai taldeko laguna.

“Egurra nafarroakoa da ere bai. Hori garrantzitsua dela iruditzen zaigu  kanpotik ekartzen badugu… zelako propaganda egiten diogu gureari! Nik uste dut saiatu behar dugula ahal den guztia hemengo jendearekin eta hemengo materialekin egiten”, aipatzen du Andonik.


I+G+B: EGURREZKOAK, SENDOTSUAK ETA HERRIAN INTEGRATUAK

Ikerketa gehi garapena gehi berrikuntzatik abiatzen da proiektua, sistema herri bakoitzean egokitzeko eta bere nortasuna mantentzeko. Horregatik, hemengo Atez Ateko zintzilikairuak ez dira Usurbil edo beste herrietakoak bezalakoak. Hauek bereziak dira. “Diseñatu ditugun posteak egurrezkoak izango direnez, integratuagoak egongo dira eta batez ere sendotasuna izango dute”, aipatu du Andoni Igoak. Izan ere, biltzen diren hainbat poste gunetan loreak jartzeko asmoa aztertzen ari da.

Dakigunez, kontzejuetan ez dugu zintzilkailurik izango, ekarpen guneak baizik. Kontenedore berdea desagertuko denez konpostajea bultzatuko da. Beraz, ekarpen etxola horietan hiru kontenedore izango ditugu: horia, urdina eta grisa (errefusarako, birziklatzen ez denerako).  “Egurrezkoak izanda, herri bakoitzaren beharren arabera egokitu ahalko dira. Etxola erraz handitu edo luzatu daitekeelako egurrezko zutabeak jartzen edota kentzen”, Jabi “Trapero”-ren arabera.

“Guk ere uste dugu egurra etorkizuna dela beti hemen bertan izan baitugu. Gainera bioeraikuntzan zerikusia dauka, eraginkortasun energetikoan oso garrantzitzua da eta material eraginkorra da. Horregatik bai kontzejuetako ekarpen etxolak, bai aukonpostajerako kaxetak eta Atez Ateko posteak, egurrezkoak diseñatu ditugu”, gehitu du Igoarkin enpresaren sortzaileak.

HEMENGO EGURALDIA

Dakigunez hemengo eguraldiak eragin haundia du eraikuntzetan. Proiektuan lan egiten ari direnek ongi dakite hori eta kontuan hartu dute. “Nik uste dut indartsuak direla. Adibidez, Etxarriko etxola ezarri baino lehen aztertu genuen nondik datozen haize bortitzenak. Urtean behin edo bitan 160 kilometro orduko haize boladak ditugu eta hauek aguantatzeko etxolaren kokapena pentsatuta dago. Jakintza hori daukagu hemengoak garelako, hemen lan egiten dugulako eta bizi garelako”, dio Jabi “Trapero”-k.

Ditugun euri zaparradak ere kontuan hartu izan dira. “Ahal den gutxien kaltetuak izateko egurrak tratamendu berezi bat izango du. Gainera, ura gainean ez gelditzeko posteari pendientea emango zaio. Dena uretik aldentzeko”, esan du posteen eta etxolaren arkitektoak.

INGURUMENAREN ALDEKO KONPROMISOA

“Gu oso gustora ari gara lan egiten aldaketa beharrezkoa dela uste dugulako. Hasieran ez nekien ze garrantzia izango zuen baina parte-hartze bileretara joan ginen eta ulertu genuen ezin dugula zaborra lurperatzen jarraitu. Ikasi genuen  beraz, sistema berri bat erabiltzea derrigorrezkoa dela”, aipatu dute Igoarkin enpresatik. Amai taldekidekoek argi dute ere bai: “Azkenean denok batera egin behar dugu. Jaberik gabe, politikorik gabe, argi izan behar dugu nola kudeatu behar den zaborra. Hemendik gutxira ezin izango ditugu lurperatu. Beste aldetik, hondakinak berreskuratu behar ditugu lehengaiak bukatzen direlako eta gainera birziklatzearekin batera, txipa aldatzea eta kontsumoa murriztea pentsatu behar dugu”, argitu du Jabi “Trapero”-k.

GUZTION IRITZIA KONTUAN HARTZEN DA

Parte hartze bileretan egin izan den bezala, Mankomunitatean aportazio guztiak kontuan hartuko dira. Alegia, estetikaren ikuspuntutik. “Nik uste dut kaxetak politak direla. Baina lehena da. Prototipo bat da. Lehenak izaten ari gara eta ausartak izan behar dugu proposamenak egitera. Aldatu daitekeelako. Alegia, margotu gabe gustatzen ez bazaigu graffiti batzuk egin ahal dira… Baikorrak izan behar dugu eta aldaketak proposatu egokiena lortu arte. Bai guretzat, bai ingurumenarentzat”, gehitu du Amai Taldekoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario