2013/04/10

"Red Eléctrica de España" enpresak tramitatu du goi tentsioko linearen proiektua

Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) herrien artean egin nahi duten goi tentsioko linearen proiektuak aurrera jarraitzen du. REE Red Electrica de España enpresak tramitatu egin du proiektua, eta hilabete honetan bertan aurkeztuko du Espainiako Industria eta Energia Ministerioan.

Proiektuak eragingo dituen kalteak salatu ditu gaur Iruñean Autopista Elektrikorik Ez plataformak —kaltetutako 200 herritik gora daude plataforman—.


2014ko udarako, sektore energetikoaren plan berria onartuko du Espainiako Gobernuak. "Eta hor agertu daiteke linea hau, ala ez. Gure ustez, linearen asmoa ez da pasatzen den eskualdeak energiaz hornitzea, baizik eta energia esportatzea", esan du Alberto Frias utopista Elektrikorik Ez plataformako kideak. REE enpresa pribatua da eta egun irabazi handiak ditu. "Iaz Espainiatik kanpoko esportazioak %78 handitu zituen".

Europako Batasunak goi tentsioko lineatan alde bakoitzean 400 metroko babesgunea errespetatzeko eskatzen du. "Enpresak, ordea, esaten du hori gomendio bat baino ez dela, eta legeak bederatzi metro ko muga ezartzen dituela bakarrik. Esaten dute ez dutela Europako gomendioa errespetatuko, fisikoki ezinezkoa delako".

Friasen arabera, tramitatu behar duten proiektuak ez du justifikazio legalik. "Gainera, prozesua aurrera eramango dute, plan energetikoaren aurretik".

Erreniega inguruan izan diren lurrikarak ere ez ditu aintzat hartu goi tentsioko lineak. "80 metroko dorreak jartzeko asmoa dute egonkorrak ez diren lurretan. Horrek erakusten du zer kalitate tekniko gutxi duen enpresak egindako ikerketak".

Larunbaterako, bestalde, Iruñeko Gazteluko Plazan '400 kilovoltio, 400 minutu' ekimena antolatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Ekitaldi nagusia 12:30ean hasiko da. "Kaltetutako herrientzat informazio topaleku bat izan nahi du ekimenak. Era berean, inguruko gizarte mugimendu eta sindikatuekin solas egiteko gune bilakatzea nahi dugu", iragarri du Friasek. Eragile horietako ordezkariei txosten bat emango diete plataformako ordezkariek, proiektuaren ikuspegi ezberdinak azaltzeko.

"Guretzat mobilizazio egun bat izango da. Goi tentsioko lineak kaltetuko dituen lau eskualdeetako ordezkariak ekimenean presente izango dira: Iruñerria, Lizarraldea, Sakana eta Goierri". Goi tentsioko lineak eskualde horietan izango duen eragina aztertuko dute, gizarte, ekonomia, turismo eta osasun ikuspegietatik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario