Magnaren Erdizeko harrobi egitasmoari buruz azkeneko egunetan izan diren mugimenduen inguruan, Erdiz Bizirik taldetik honakoak erran nahi ditugu:
- Alde batetik, Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magnaren arteko lotura, hasieratik biak ukatzen eta gezurtatzen saiatu izan direna, agerian gelditu da. Modu horretan, borondate oneko jendeak nahasteko eta erabiltzeko egin duten jokaldia guztiz salagarria dela iruditzen zaigu. Erabilitako azpikeriak aipatu bi eragileak erretratatzeaz gain, proiektuaren egiazko izaera zein den erakusten digu, azpijokoan oinarrituriko proiektua.
- Bertzalde, berriz ere oroitarazi beharrean gaude Erdizeko bazkaleku komunala Aldude Mendi izeneko Zainketa Bereziko Eremuan dagoela, Europako Natura 2000 sarearen baitan. Eremu horietan ez da gisako harrobirik egiten ahal, eremu horien babes izpirituaren aurka doalako. Aldude Mendiko Zainketa Bereziko Eremu berean Zilbetiko egitasmoa dago eta, arrazoi horregatik eta, bertze irregulartasun batzuengatik, Nafarroako administrazioarekiko auzi auzitegian errekurriturik dago. Azken urratsa Europako auzitegietarat jotzea litzateke. Argi eta garbi legearen aurkako proiektuak dira.
- Gainera Erdiz Baztango bazkaleku komunalik handiena da. Iaz, adibidez, 89 nekazarik Erdizeko bazkak beren azienda buruak bazkatzeko erabili zituzten. Erdizek gaur egun funtzio produktibo garbia du eta Baztango ekonomian zuzenean eta zeharka paper garrantzitsua betetzen du. Bazkalekuaren desegiteak sektorearen kontra eta Baztango ekonomiaren kontra gogor joko luke. Baztango Garapenerako Elkarteak eta Magnak Baztango sektore estrategikoak urratu nahi dituzte guztiz menpekoa den eta hogei urterako bertzerik izanen ez den bertze produkzio bat jartzeko.
- Esteribarren pasatu dena ikusiz gero ondorioa kezkagarria da. Magnak han eman dituen 40 urteetan bertako sektore produktibo guztiak desegin dituzte Magna bertzerik ez gelditu artio. Orain Magna kinkan dela bailara osoan ere kinkan dago. Erdiz Baztango lehen sektorea iraunarazteko estrategikoa bada ez dugu hura urratzerat uzten ahal, horren segidan etorriko dena Esteribarreko bera izanen baita, dena-denak Magnaren menpeko. Hobe da duguna kontzea eta Baztango sektore eta baliabide estrategikoak iraunaraztea.
- Erdizeko bazkaleku komunalak, bertan ari diren nekazariek eta horri guztiari lotutako historiak eta giza eta kultur paisaiak, gaur egun, dagoeneko, zeharka ehunka lanpostu sortzen dituzte Baztanen. Baztanek duen erakarpena eta lilura hain zuzen nekazaritzak sortutako giza eta natur paisaiarengatik da. Horren desegiteak Baztango bertze sektore ekonomikoen kontra eginen luke.
- Laburbilduz: Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magnaren proposamena Baztango sektore produktiboak xehatzea da, gaur egun eguneroko ogia irabazteko Erdiz erabiltzen duten herritarrak bazterrerat botatzea, Baztanen erakarpenarekin eta zeharkako ehunka lanpostuekin akitzea, balio handiko natur ingurua erraustea… eta hori guztia hogei urtez. A ze proposamena! Oraingo krisirat ekarri gaituen logika bera.
- Horren aitzinean Baztanen etorkizun ekonomikoarendako Erdiz errepespetatuko duen bertze eredu sozioekonomikoa eraikitzea denon lana da eta lan horretarat Baztango eragile sozial, sindikal eta instituzional desberdinak gonbidatu nahi ditugu.
- Gure ekonomiaren eta lurraren defentsan, ERDIZ BIZIRIK!
No hay comentarios:
Publicar un comentario