2013/02/26

Espainiako armadaren maniobrak Bardeetan

(Berria egunkaritik hartutako albistea)

Benetako armamentua erabilita, maniobrak egiten hasi da Espainiako Armada Bardean; salatu dute ez dutela ariketen berririk eman

Bonbak botatzeko hegazkinekin arituko dira bihar arte; arriskurik ez dela diote militarrek

Gerra egoera baten itxura eginez, benetako armak eta bonbak erabiliz, Espainiako Armadako 500 bat soldadu maniobrak egiten ari dira atzotik Bardean, Nafarroan. Tiro eremuaren kontrako taldeek salatu dute abisurik ez dutela eman inguruan. Armadak garrantzia kendu dio operazioari: «Diferentzia da besteetan armamentu inertea erabiltzen dela eta hauek lehertu egiten direla». Ariketak bihar bukatzekoak dituzte.

Bonbak jaurtitzeko hegazkin eta guzti ari dira probak egiten. Sirio operazioajarri diote izena saioari. Finean, gerran dagoen herrialde bat irudikatuta ari dira Bardea ingurua bonbardatzen; hiru erasotzaile talde imajinatu, eta horien kokalekuei erasotzea da militarren zeregina. Gisa bereko ariketak urtero egiten dituzte. «Urteko garrantzizkoenak dira», dio Milagros Rubio tiro eremuaren aurkako taldeko eledunak. Espainiako hainbat egoitzatako militarrak ari dira parte hartzen.

Armadak ez du aurrez jakinarazi maniobrak egitekoak zituela. «Itxuraz, ez da ezer gertatzen ari. Informaziorik ez daukagu», esan du Rubiok. Zeharka izan dute ariketen berri; militarren webguneetan ikusi dituzte iragarpenak, eta aireko garraioa inguruan debekatu egin dutela ere jakin dute.

Eraginaz kezkatuta


Era horretako probak egiteko, lursail bat alokairuan hartua dauka Espainiako Gobernuak Bardean. Armadak daukan horrelako eremu bakarra da, gainera. Ariketa guztiak hor egiten dituztelakoan, kezka agertu du Rubiok, ez baitakite zer-nolako armak erabiltzen dituzten. «Herrietatik eta biosferaren erreserba izendatuta dagoen inguru batetik oso hurbil dago eremua, eta beldur gara benetako armamentua erabiltzeak zer arrisku eragin ote ditzakeen».

Herritarrei abisurik eman dieten galdetuta, garrantzia kendu dio armadako bozeramaileak: «Herritarrik ez dago inguru horretan. Ezarritako eremutik ez dira aterako». Javi Urdin Bardenas Ya elkarteko kideak jakinarazi du beste egun batzuetan baino «mugimendu gehiago» izan dela azken egunetan. «Hegazkinak urte osoan izaten dira, baina azken egunetan konboiak agertu dira, eta militarren ibilgailuak Tuterako kaleetan ikusi dituzte». Arriskurik ez dago, hala ere, armadaren esanetan. «Halako ariketak urtero egiten dira, eta inoiz ez da izan inolako gorabeherarik».

Diru iturri erakundeentzat


Inguruko udalak isilik daude. Isiltasun interesatua da, Rubioren esanetan. «Oso eroso daude, krisi garaian finantzabide gehigarria lortzeko bidea da Bardea». Bardeako Batzarraren jokaera hartu du ahotan Urdinek: «Iaz ere ez zuten jakinarazi maniobrak egiteko asmoa zutela. Ondoren, Defentsa Ministerioak argitu zuen batzarrari eman ziola ariketen berri. Hark, ordea, ez zuen abisatu».

Bardeako Batzarreko buruarekin hitz egiten ahaleginduta, alferrik. Radio Euskadin mintzatu da Jose Antonio Gaiarre, baina ez gogo onez. Normaltzat jo du benetako armamentuarekin ariketak egitea: «Horretarako dago alokatuta». Tiro eremuaren aurkako plataformak iragarri du mozioak aurkeztuko dituela udaletan, baina aitortu du oso litekeena dela testu horiek aurrera ez jarraitzea.

Protesten kontra, irmo erantzun du Gaiarrek: «Batzarrak du erabakiak hartzeko ahalmena, ez tiro eremuaren aurkako taldeak. Egia da dirua lortzen dugula Bardeako eremu bat alokatuta». Ez dute maniobren berri aurrez abisatu, baina, hala ere, presidenteak uste du ematen dela aski informazio: «Hor barruan zer egiten duten herritar guztiek badakite».

Jarrera epela herritarrek


Herritarrentzat ez da kalte inguruan era horretako maniobrak egitea, Gaiarreren iritzian: «Egia da soldadu batzuk hil direla istripuetan, baina herritarrek azazkal batean ere ez dute izan inolako kalterik». Areago, haserre agertu da kazetariek horri buruz galdetzen diotelako. «Beti kontu bera. Nafarroa iparraldera eta Euskadira noan bakoitzean, beti kantu berbera kantatzen didate».

Herritarren erantzuna epela dela aitortu dute tiro eremuaren kontra ari direnek. Urdin: «Ikusgaitasun gutxi duenez, onartu egiten dute askok». Rubio: «Paisaiaren partetzat du jendeak tiro eremua. Ez dute nahi, baina gutxik egiten dute protesta». Oraingoz, urteetarako izango dituzte inguruan militarrak era horretako ariketak eta bestelakoak egiten: Madrilek 2028ra arte dauka alokatuta eremua. Pozik daude herritarrak, Gaiarrek dioenez: «Espektakulua da, eta ikustera joango dira gaur ere, debekatuko bazaie ere».


No hay comentarios:

Publicar un comentario