2013/02/27

HELaren kontra eta frackingaren alde

Euskal Autonomi Erkidegoan frackingaren eta ez ohiko baliabideen erauzketaren kontrako HELa ez onartzeko eusko legebiltzarreko mahaiak hartu duen erabakiak argi uzten digu plan hauek garatu nahi dituztenen aurrean presioa areagotzeko tresna baliogarria izan behar zela ekimen hau. Teknika honen kontra eta baliabide hauen erauzketaren kontra, legedi argi eta zehatza eskatzen duten milaka sinadura izatearen aukerak, beldurra ematen die frackingaren bidetik jarraitu nahi dutenei. Horregatik PNVk eta PPk ekimen honen tramitazioaren kontra bozkatu dute. Hasiera batean, PSEk ere, kontra bozkatu zuen, baina azkenean bere jarrera aldatu du eta tramitazioaren aldeko botoa eman du. EH Bildu, hasieratik HELa bere bidea egitearen alde agertu den alderdi politiko bakarra izan da.


Herri Ekimen Legegilea ez da alderdi politikoek herri mugimenduei egiten dieten opari bat, gure proposamenak, lege bihurtuta, eusko legebiltzarrean eztabaidatuak izateko dugun aukera bakarra baizik. Hortaz, HELaren tramitazioa onartzeak ez du sikiera bermatzen proposatutakoa onartua izango denik, ikaragarrizko lan baten hasiera ezartzen du bakarrik, ekimena babesten duten 30.000 sinadura jasotzeko lanarena, alegia. Behin sinadurak lortutakoan, proposatutako legea legebiltzarrean eztabaidatzen da, eta bertan ordezkatuta dauden alderdiek egindako proposamenarekin nahi dutena egin dezakete: eztabaidatu gabe errefusatu, legearen nondik norakoak aldatu, hainbat atal aldatu edo aurkeztu zen moduan onartu.

Ezin dugu ulertu lehendabiziko tramite honetan Fracking Ez Arabaren HELa bertan behera utzi izana. Edo bai? Erabaki politikoa da gure ekimenaren betoa. PPk eta PNVk ez dute mahai gainean debekuaren aldeko milaka sinadura eduki eta beraiek hain zuzen kontrakoa egiten dutenak izatea nahi. Horrek kostu politikoa dakar eta beraiek badakite ondo. Askoz hobeto orain gelditzen badute, sozializazio kanpaina martxan jarri aurretik eta frackinga eta ez ohiko baliabideen erauzketa debekatzen duen aldeko babesa eta presioa handiagoa izan baino lehenago. Honekin batera ulertzen dugu hainbat alderdik fracking eta ez ohiko baliabideen bidean aurrerapausoak eman nahi dituztela. Nola ulertu bestela ikerketa baimenak galtzeko PNVk adierazi duen beldurra? Eta, egon daitezkeen baliabideak esploratzearen alde egin dituzten adierazpenak? Nola esploratu nahi dute? Zergatik bestela, PPk Madriletik baliabide hauen inbestigazioa sustatzen du?

Frackingaren kontrako HELaren tramitazioa galarazi dute, baina gaur argiago dugu zeintzuk diren seinalatu beharreko jarrerak eta zeintzuk izango diren desmuntatu beharreko diskurtso anbiguoak. Uste dugu, tamalez, asko izango direla horretarako izango ditugun aukerak. Frackingaren aldeko eta ez ohiko baliabideen esplorazio eta ustiatzearen aldeko jarrerak eta ekimenak kritikatzeko. Baina ziurra da ez dugula hain erraz etsiko. Gure borroka frackingaren kontra eta energi fosiletan oinarritutako betikotu nahi duten ereduaren kontrakoa zen, eta izaten jarraitzen du. Momentu honetan, kontrako mugimendua HEL baten bidez bideratu nahi genuen, eta nahi dugu. Ez dugu amore ematen.




No hay comentarios:

Publicar un comentario