Nekazarien borrokaren nazioarteko eguna dela eta, Nafarroako hainbat erakundek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparza Abaurreari tokiko produktu ekologikoak dituen saski bat eman diote, nekazaritza ekologikoa eta familiarra eta elikadura burujabetza aldarrikatzeko.
Asteazken honetan, apirilak 17, Nekazarien borrokaren nazioarteko eguna ospatzen da mundu osoan. Estatu espainiarrean, nekazarien eta gizarte arloko hainbat elkartek “Nekazarien borrokaren aldeko eta transgenikoen aurkako Estatuko V. Astea”-n hartuko dute parte. Indarrean dagoen eredu agroindustrialaren aurkako aldarrikapen ekintzak egingo dira zenbait hiri eta herritan. Eredu hau korporazio ekonomiko handien mesederako da eta laborarien nekazaritzaren deuseztapena ahalbidetzen du, nekazaritza-eremuan gero eta lanpostu gehiagoren (124.000 2003 eta 2008 urteen artean) eta biodibertsitatearen galera sortuz. Estatu espainiarrean ezarrita dagoen ereduak adibidez Europar Batasunean genetikoki aldatutako organismoak eskala handian hazten dituen estatu bakar bilakatzen gaitu.
Nafarroa ez dago eredu honetatik eratorritako ondorioetatik kanpo. Nafar gobernuak nekazaritza-garapenkeriaren alde hartu duen jarrera agerian dago bere politika askotan. Zenbait adibide:
- Nafarroako Ubidearen bidezko ureztapena. Izan ere, nekazari txiki askorentzat ez da batere erraza kostuei aurre egitea.
- Laborantza industrialaren aldeko jarrera. Esate baterako, dagoeneko 5.800 hektarea hartzen dituzten eta elikadura segurtasun kontuengatik eztabaidatutakoak diren transgenikoak.
- Urbanizatutako guneen areagotzea.
- Azpiegitura handien garapena, askotan nekazaritza-gune garrantzitsuen kaltetan.
- Landagunearen industrializazioa, natur- eta nekazaritza-baliabideak arriskuan jartzen dituzten errauskailu eta fracking proiektuen bidez.
- Nekazaritza agroekologikorako diru-laguntzak murriztea, nekazaritza mota iraunkor bakarra den arren.
- Lehen eta Bigarren Hezkuntzan egiten den fruta eta barazki banaketarako programan (Nafarroan 9.000 ikasle hartzen dituena) nekazaritza ekologikoa ez sustatzea.
Ez da gobernua bakarrik: Iruñean udal proiektuak ere norabide beretik doaz askotan. Arantzadin egindakoak beharrezkoa den hiri inguruko tokiko nekazaritza desagerrarazi eta bertako nekazariak kanporatu ditu.
Kontseilariari emandako produktuen saskia |
Horregatik, sinatzen dugun erakundeok aldaketa aldarrikatzen dugu Nafarroako Gobernuaren egungo nezkaritza politikan, eta herritarrei dei egiten diegu aipatu ereduak dakartzan ondorio ilunez ohar daitezen. Izan ere, landa-eremuak biztanlez husten ari dira eta gainera egungo ereduak natur zein kultur baliabideen galera dakar, landaguneen eta jendarte osoaren ongizate eta etorkizunerako ezinbestekoak diren baliabideak, alegia.
Protesta gisa eta nekazarien nekazaritzaren eta elikadura burujabetzaren aldeko atxikimendu handiagoa eskatzearren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko egungo arduradun nagusi Jose Javier Esparza Abaurrea kontseilariari tokiko produktu ekologikoak dituen saski bat eman zaio. Produktu guztiak gure lurraldean tokiko nekazaritza ekologikoaren balioei eusten dieten hainbat familia nafarren lanaren fruitu dira.
Sinatzen duten erakundeak: EHNE Nafarroa, La Fertilidad De La Tierra, Ingeniería Sin Fronteras Navarra / Mugarik Gabeko Ingeniaritza Nafarroa,SETEM Navarra / Nafarroa, Organización de Cooperación y Solidaridad Internacional – OCSI, Mugarik Gabe Nafarroa, Greenpeace Navarra, Ekologistak Martxan, SODePAZ, El Almazen, Sumaconcausa, Tomate Gorriak, Ladare eta Nafarroako kontsumo taldeak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario