2011/12/14

Erdiz Bizirik taldeko komunikatua

Magnak Zilbetiko Antzerin egin nahi duen harrobia Erdizen egin nahi duenarekin estuki lotua dago. Alde batetik, Antzerikoaren memorian, egitasmo hau Erdizen muturra berriz sartu artiokoa bertzerik ez dela izanen diotelako. Bertzetik, Antzeri, Erdizen gisa Aldude Mendi izeneko Zainketa Bereziko Eremuan (ZBE) dagoelako. Hortaz, batean gertatzen denak, bertzean eragina du.

Gauzak horrela, eta lotura zuzen hori ikusita, azken aldi honetan aski kontu larriak ikusten ari gara: Antzerikoaren tramitazio prozedura, herri-lurren edo komunalen desjabetza eta Baztango zenbait alderdiren jarrera.



Antzeriko egitasmoa Udalez Gaindiko Plan Sektorial (UGPS) moduan tramitatzen ari dira, hau da, tokiko erakundeei –kontzejuei, udalei, batzar nagusiei… - erabakitzeko ahalmena kenduz, horrela prozedura Nafarroako Gobernuak zuzenean kontrolatzen du; horren adibidea Lekarozko kolegioarekin gertatzen ari dena dugu: baztandarrek deus erratekorik ez dugun egitasmoa hain zuzen.

Erran dugunez Antzeri eta Erdiz Zainketa Bereziko Eremu berean daude, hortaz, modu horretara jokatuz aurrekari bat finkatzen ari dira. Hau da, Antzerikoan bertako erakundeei erabakitzeko ahalmena kenduz gero, ondotik Erdizen horrela jokatzeko aukera gehiago dago.

Bere garaian Antzeriko proiektua zela eta Erdiz Bizirik taldeak Zilbetiko Aldude Mendi koordinakundearekin Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aurkako alegazio bilketa herrikoia abiatu zuen. Nafarrako Gobernuak alegazioak baztertu zituen eta, orain, gaia, Nafarroako administrazioarekiko auzi epaitegian dago.

Bizkitartean, epaitegiaren ebazpenaren zain egon beharrean, Antzeriko proiektua egiteko eta materiala garraiatzeko Magnak Zilbetin tunela egiteko pausuak eman ditu. Tunel horretarako Kintoko 1600 m2 herri-lur desafektatu nahi zituen, baina Baztango udalak, Batzar Nagusiaren aginduari jarraiki Kintoko mankomunitatean baimena ematearen aurka bozkatu zuen.

Gauzak horrela, Magnak Nafarroako Gobernuari Kintoko lur horiek desjabetzeko eskatu dio. Horrek erran nahi du desjabetza onartzekotan, Nafarroako Gobernuak eta Magnak eskutik hartuta herri-lur horiek bertako herritarrei, tartean baztandarrei kenduko dizkigutela. Hortaz, jakinda Erdiz ere herri-lurra edo komunala dela, desjabetza hau aski aurrekari larria da.

Laburbilduz: herriko erakundeei hitza kendu bidenabar, herri-lurrak edo komunalak desjabetu nahi dituzte. Eta horren aitzinean tokiko erakundeen eskumenak eta herri-lurrak defendatu beharrean UPN, PSN eta Ezkerra proiektuaren alde agertu dira. Pribatizazio lotsagarrien aldi honetan, orain komunalak, denen ondasunak kendu eta enpresa pribatu baten eskuetan utzi nahi dituzte, bazeter guztiak xehatzeko! Kontuan hartu behar da, halaber, Erdiz 91 nekazarik erabiltzen dutela, eta urtero 406 behik, 229 zaldi-behorrek eta 611 ardik alatzen dutela bertan.

Krisi honek zerbait erakutsi badu, hori, bide honetatik inorat ez goazela da. Edo gauzak errotik aldatzen ditugu edo galbidera goaz. Urteetan Nafarroko mendialde osoa baztertu dutenek eta Baztango egitura sozioproduktibo guztia, lehen sektorea barne kaskaildu, orain, gure baliabideen eta lur-komunalen ustiaketa intentsiborat eta xehakuntzarat kondenatu nahi gaituzte: hori da beraien alternatiba: mendialde osoa baztertu, gure sektore produktiboak urratu eta gure inguruak suntsituko dituzten meategiak alternatiba bakar gisa inposatu; eta gainera, udalari eta baztandarroi enpleguen ardura bizkar gainera botaz. Hori ez da zuzena ezta arrazoizkoa ere. Ardura beraiena da. Nolanahi ere den, guk ere proposamenak baditugu, kolektiboak eta egiturazkoak herritar guztien artean eraikitzekoak: lanaren banaketa, guttiago lan egin guztiek lana egin ahal izateko; aberastasunaren banaketa: soldata sozialaren ezarpena eta zerbitzu sozial eta publikoak indartzea; eta, azkenik, eredu sozioproduktiboaren aldaketa, jardun produktiboek erabilgarritasun soziala izan dezaten eta iraunkorrak izan daitezen; horrek lehen sektorearen zentraltasun berria erran nahi du. Hori da bidea, bide bakarra. Ez dezagun utzi komunalen xehakuntza guretako nahi duten geroaren irudia izatea.

Baztanen bizi eta lan egin nahi dugu, Magnaren xehakuntzarekin ez da posible izanen.

Komunalen defentsan: ez PSISIk ezta desjabetzarik ere.


ERDIZ BIZIRIK

No hay comentarios:

Publicar un comentario