Ekinklik-en argazkia |
Gaur
asteazkena, Maiatzaren 22an, Erribera, Erdialde eta Iruñerriko 40 bat
lagun Kadreitan AHTko lan eremuan sartu eta lanak 15 minutuz gelditu
dituzte. Ekintza, COMSA eta Mariezcurrena enpresen ardurapean dagoen Kadreita
eta Alesbes arteko azpitartean burutu da. Protestan esku hartu duten pertsonek
bi makina inguratu dituzte, lanak gelditzeko eta proiektuaren arrazoigabekeria
salatzeko pankartak erakutsiz. Partehartzaileek AHTk suposatzen duen
xahukeria eta gastu sozialetarako AHTren gastua bideratzeko oihukatu
dute. Halaber, heldu den larunbatean, Tafallan AHT gelditzeko ospatuko den
manifarako deialdia egin dute. Arratsaldeko 19:ooetan Nafarroa plazatik
abiatuko da.
Hemen elkartu garen pertsona anitzek AHTren aurkako salaketa publikoa egin
nahi dugu. AHTren aurka gaude xahutzailea delako, zorpetzen gaituelako, lurra
txikitzen duelako eta sozialki errentagarria ez delako. Euskal Y-arekin eta
Zaragozarekin loturarik ez duen Castejón eta Arrizabalaga arteko 60 Km-ko AHT
zatia eraikitzea lehenesten du Nafar Gobernuak eta guk baliabide publikoen
xahuketa ridikulua dela diogu. Bitartean jendartearen gehiengoak hezkuntza,
osasun eta zerbitzu sozialen arloetako eskubide sozial minimoak bermatu
gabe ditu. Landa eremuko osasun arretarako zentroak ixten ari direla salatu
nahi dugu, baliabide faltaren aitzakiarekin eskolak ixten ari dira eta tren
konbentzionalaren linea batzuk ixten ari dira jendeak AHT erabil dezan.
AHT amaierarik gabeko zakua dela diogunean, bere kostu ekonomikoak abiadura
handiko hipoteka suposatzen duela salatu nahi dugu. AHTren obrak aurrera egin
ahala, aurrera egiten du prekarietateak eta gizarte bazterketak ere eta gero
eta jende gehiago da pobreziaren mailaren azpiko diru sarrerarekin bizitzera
behartuta dagoena. Zorra ordaintzeko aitzakiarekin gobernuek eta Europak
jendarteari gero eta sakrifizio gehiago inposatzen ari denean, eskandalagarria
da AHTren proiektuarekin aurrera egitea. Eskandaluzkoa da Nafarroak obra
honentzako 300 milioi euro aurreratu izana eta aldi berean 45 milioi eurora
iristen diren Europako Inbertsio Bankuaren maileguaren interesei aurre egin
behar izatea. Azpimarratu nahi dugu Espainiar estatua dela europako abiadura
handiko kilometro gehien duen estatua dela, eta hala ere, langabetu tasa
handiena ere baduela. Nafarroak ezin du bide horretatik egin. Sakana eta
Erriberako langabezia tasa altuak eta osotara dauden 56000 langabetuak
lehentasunak aldatu egin behar direla adierazten dute. AHT ez baizik eta
langabetu horientzako lanpostu duina sortzea izan behar da lehentasuna.
AHTk lurrak txikituko dituela diogunean horixe bera ari gara salatzen. Lur
eremu zabalen okupazioa, lur emankorren txikizioa, nekazaritza eta abeltzaintza
arloetako esplotazioen deuseztatzea, gune naturalei eragingo zaien kaltea eta
abar. AHT ezin dela pertsonen aurretik jarri diogunean porlanaren politika
salatu egin nahi dugu. Gezurra badirudi ere ez dugu ikasi. Nafarroako ubidea,
Navarra Arena aretoa, Urantziako zirkuitua, Noaineko aireportuaren zabalpena
eta orain Abiadura Handiko Trena. Azpiegitura handiak ez dira gehiengoaren
aberastasun, modernitate ez ongizatearen erakusgarri, kontrakoa baizik. Obra
handi hauen etekinak bankuentzako eta enpresa eraikitzaile zehatz batzuentzako
baino ez dira.
Honengatik guztiarengatik AHTren obren berehalako gelditzea exijitzen dugu.
Aldi berean, heldu den Maiatzaren 25ean arratsaldeko 19tan Tafallako Nafarroa
Plazatik azpiegitura erraldoi honen aurka burutuko den manifestazioan
parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak.
AHTren
aurkariak
No hay comentarios:
Publicar un comentario