2013/05/12

"Atez atekoak jendeari konfiantza emango dio gauza berriak egiteko"


(ARGIA aldizkaritik ateratako Aitor Karasatorre-i elkarrizketa)

Lau hilabatez karabana batean Europan barrena ibili zen Aitor Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1972), energia berriztagarrien inguruko proiektuak ezagutzen. Esperientzia horren ondorio da Arbizuko Eko Kanpina. Egun, Bilduko zinegotzia da Etxarri Aranatzen eta Sakanako Mankomunitateko lehendakaria. Hondakinen gaiari gogotsu eutsi diola bistan da.

Aste gutxi barru hondakinak atez ate biltzeari ekingo diozue. Zein hausnarketatik abiatu zineten sistema hori ezarri behar zela erabakitzeko?
Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuak eskatzen du mankomunitate bakoitzak zehaztea nola jasoko duen organikoaren %50. Lege hori betetzeko asmoz bideragarritasun plan bat egin zen, jakinik Sakanan soilik %25 birziklatzen dugula. Hemen egin diren ikerketa batzuen arabera, urtero 300.000 euro botatzen ditugu edukiontzi berdera. Ikusi genuen sistema aproposena atez atekoa zela, ez jada birziklapenean %80ra iristen delako, hondakinen planak ezartzen duen %50 hori betetzea ziurtatzen duen bakarra delako baizik. 

Gipuzkoan sustatu dituzten tamainako protestarik ez da izan Sakanan, zergatik uste duzu?
Arazo berdinekin abiatu ginen. Eskumena mankomunitatearena da eta gure beldurra zen udalak ez zirela inplikatuko, baina izugarria izan da. Etxarrin 2.700 biztanle izanik hamar batzar egin dira eta informazioa asko landu da.

Esan liteke “kontrainformazioa” ez dela hainbeste landu?
Zenbait udaletan egon da halako asmorik, nahasteko, baina kontra izan dugun azkeneko talde politikoa PP izan da eta euren zinegotziek ez zuten ezagutzen zein zen gure eskaintza, ez zekiten beraiek Katalunian honen bultzatzaile izan direla. Indar askorik eta argudiorik gabe aritu dira.



Cementos Portland-en errausten hasteko asmoak ere izango zuen zerikusirik…
Bitxia da, Portland berehala agertu zen atez atekoaren alde. Esan zuen ez zuela zerikusirik zaborrak erraustearekin eta bateragarriak zirela. Baina orain Olatzagutian leihoetan poltsak jarri dituzten bakarrak bertako langileak izan dira. 

Lehen tokia da eskualde mailan atez atekoa ezarriko dena. Hamabost udalerri zarete, zein izan da adostasunera iristeko gakoa?
Hamabost errepublika independente gara. Hasieratik genekien ez zela denontzako eredu bakarra izango, baina sistema oso moldagarria da eta horri esker herri bakoitzarentzat egokitutako bilketa egingo dugu. Hasieran proba pilotuak egitea pentsatu genuen, baina horrek kostuak bikoiztea zekarren eta azkenean denean batera ezartzea erabaki genuen. Apustu latza izan da, alde batetik bestera 40 kilometro dira. 

Herri handiena, Altsasu, kanpoan geratu da ordea.
Altsasun gehiengoak onartu zuen kontsulta egitea eta horretarako batzordea eratu da, baina oraindik ez dira elkartu. Gerta litekeena da hondakinak biltzeko eskumena berreskuratzea. Mankomunitateak erabaki duena da ez duela sistema hau ez den beste ezer ezarriko. Altsasu zain dago, ea beste herrietan atez atekoa nola doan, eta hori oso lagungarria da, zeren eta mito asko eroriko dira. Ikusiko dute egin daitekeela zerbait Altsasuren neurrira, 8.000 biztanle izanda ere, halako sistemak herri handiagoetan funtzionatzen duelako.

Jarrera politikoek zer eragin izan dute?
Mankomunitateko batzarrean talde politiko guztiak daude ordezkatuta eta 2012ko irailean kontrako botorik gabe onartu zen atez atekoa martxan jartzea. Handik gutxira NaBaik prentsaurrekoa eman zuen horren aurka; soilik Altsasun lortu dute geldiaraztea. Etxarrin saiakera izan zen, baina bertoko NaBai-koekin bildu ginen arazo nagusia zein zen jakiteko, “organikoa” esan ziguten. Bada horren inguruan adostasunera iritsi ginen. 

Nola?
Ez dugu aukera bakarra eskaini organikoa biltzeko. Iruñeko mankomunitateak, adibidez, bosgarren edukiontzia inposatu die guztiei. Guk hasieratik norbanakoari aukera guztiak eman dizkiogu: autokonposta, auzokonposta eta atez atekoa. Azken batean, auzokonposta bosgarren edukiontzia da. Usainarekin eta erosotasunarekin arazoak ikusten dituenak, organikoa edozein momentutan bota dezake. Bestalde, bosgarren edukiontziak baino onura gehiago ere baditu: materia organikoa ez dugunez ez jaso ez tratatu behar, horrek %40ko aurrezpena ekar diezaioke herritarrari zabor tasan. 

Konposta egiteko izan dituzuen eskarien kopurua ikusgarria da. Zein portzentajetara iritsi nahi duzue?
Sakanan, gaur egun jadanik 1.200 pertsona izango dira autokonpostagailua eskatu dutenak eta auzokonpostarako aurreikuspenak ere bikoiztu egingo direla uste dugu. Zenbait herritan ez dugu organikoa jaso ere egingo. Eskualdean 4.000 tona organiko sortzen dira, ni oso baikorra naiz eta uste dut %50 autokonpostatzera iritsi gaitezkeela. Beste zatia atez ate bilduko litzateke. Orain, Hondakinen Partzuergoan gaudenez, ez dakigu nora eramango duten gainerako organiko hori, Cárcarrera ala kanpora. Gure asmoa da Arbizun-edo konpost planta bat jarri eta “Sakanako konpost” moduan komertzializatzea. Zikloa hemen itxiko litzateke eta lanpostuak sortu. 

Auzokonpostarako beste diseinu bat proposatu duzue.
Bai, Argian argitaraturiko erreportaje bati esker jakin genuen Frantziako Saint-Philibert-en bazeudela materia organikoa kopuru handitan konpostatzeko eredu batzuk. Gehien gustatu zitzaiguna 40-60 familiarentzako giltzapeko egurrezko etxola izan zen (ikusi argazkian), oso toki gutxi okupatzen du: 40 familiarentzat 4 metro koadro baino ez. Etxarrin, adibidez, halako 12 gunerekin biztanle guztiengana irits gaitezke.

Sakanako atez atekoak beste herri batzuen funtzionamendu bera du, baina materiala egurrezkoa izateari indar berezia eman diozue. Irizpide estetikoetatik harago, zer garrantzia du horrek?
Atez atekoarekin ekonomiaren garapena ere sustatu nahi izan dugu. Italian 200 enpresa sortu dira sistema honen inguruan, eta Sakanak bizi duen egoera ikusita, 2.000 langabeturekin… Iruditzen zitzaigun bertoko enpresak inplikatu behar zirela. Egurraren inguruko enpresa askok parte hartu dute, inportantea izan da. Esaterako, etxolak egurrezkoak izatea aurreikusita genuen, baina kuboak zintzilikatzeko posteak ez. Bada, bertako enpresa batek landuta, azkenean hauek ere egurrezkoak izango dira, eta larrialdi guneak ere bai. Egurra hemen oso presente dugun materiala da, berrerabilgarria, kanpotik ekarri behar ez dena. Hain justu, Sakanako mankomunitateak basogintzaren inguruko enplegu tailerra antolatu du aurten bigarrenez; biomasan dugun potentziala oso handia da. 

Hondakinen inguruan sor daitezkeen aukerez azterketarik egin duzue?
Orain gutxi Garapen Agentzia sortu dugu, baina soilik udalek egin dute horren aldeko apustua, Nafarroako Gobernuak ez digu inolako laguntzarik eman. Pertsona bakarra daukagu lanean eta lehentasuna da plan estrategikoa eta behategi sozioekonomikoa abian jartzea. Hondakinen gaiari ez diogu heldu. Dena den, baditugu hurbileko adibide batzuk: Faltzesen Pedro García Bodegeroa izeneko batek beirazko botilak puskatu beharrean berrerabili egiten ditu. Hori guztia ikertzen ari gara, eta ez dakigu zenbat lanpostu sor daitezkeen Sakanan; birziklapenaren arloan Europan 500.000 lanpostu sor daitezkeela esan izan da.

Antonio Casado da Rocha EHUko ikerlariaren ustez atez atekoarekin etika ikuspuntu “mikro” batetik lantzen da; ingurumenarekiko errespetua gure zaborrontzitik hasten dela, alegia.
Eta bestaldean erosotasuna dago. Askotan lehentasuna ematen diogu erosotasunari esfortzu txiki bat egiteari baino.

Horrek esplika dezake batzuk inposaketaz hitz egitea?
Guk hitzaldietan jendea aztoratzen hasten zenean, aldaketa faseen zikloa erakusten genien. Orduan ohartzen ziren euren burua zein fasetan zegoen, gorrian edo laranjan. Ez du zerikusirik zaborrarekin, aldaketari diogun beldur kontu bat da.

Kontzientziazio horretan, zein beste pauso eman daitezke?
Gauza asko egin daitezke: puntu berdeak bultzatu, beira beste modu batean birziklatu, Katalunian bezala enbaseak bueltatzeko proba pilotuak egin… Atez atekoa oso lagungarria izango da abiapuntu gisa, jendeari beldurra kendu eta gauza berriak egiteko konfiantza emango baitio. Momentu aproposa da. Adibidez, Etxarrin oso aurreraturik dute herri baratzeen gaia. Materia organikoa, konposta, baratzea, beste kontsumo ereduak… Horrek guztiak ibilbidea batera egingo du, eta ona izango da.

"UPNtik tregua moduko bat hitzeman digute" 

Nafarroako Gobernuarekin zein harreman duzue hondakinen gaiaren inguruan?
Roberto Jimenez Hondakinen Partzuergoko batzordeburu zenean beste era bateko kudeaketa defendatu zuen, baina gero bera izan zen Portland-en hondakinak erraustu ahal izatearen kontua mugitu zuena. Ondoren José Javier Esparza jarri zen kontseilari. Tarte horretan partzuergoko teknikariekin landu genuen gaia, diruz lagunduko zigutela adostu genuen, gurekin izan ziren Usurbilen…
Kontseilariak agerraldia egin zuenean, denok espero genuen normaltasun mezu hori helaraztea. Baina atez atekoaren kontrako argudioak zabaldu zituen, eta hor okertu ziren harremanak. Gerora, UPNren aldetik “tregua” moduko bat hitzeman ziguten eta orain badirudi berriz ere harremanak normaltasunera itzuli eta diruz laguntzea pentsatzen ari direla.


Hondakinen planean atez atekoa aurreikusten da, baina plan hori atzera bota du auzitegiak.
Planak ez du zehazten errauskailua non joango den, eta Sustrai Erakuntza elkartearekin helegitea jarri genion, bagenekielako azkenean Sakanara etorriko zela. Bitxia da, guk atez atekoa defendatzeko beti esan izan baitugu legeak babesten gintuela. Dena den, Nafarroako Gobernuak auzitegiaren erabakia errekurritu du eta planak indarrean segitzen du. 

Nafarroako Gobernuak errausteko baimena eman dio Portland-i, badirudi hasieratik zuela asmoa errauskailua Sakanan ezartzeko…
Biomasa erretzeko baimena eskatu zutenean esan genuen trikimailu bat zela, hondakinak erretzeko aurre-pausoa. Guk Sakanan dagoen biomasa eskaini genien, 20.000 tona inguru, baina uko egin zioten. Udal guztiak kontra agertu zirenean, udal gaineko lege bat asmatu zuten. 

Paradoxikoa da, gehien birziklatuko duen eskualdean erraustuko dituzte hondakinak. Arlo judizialetik eta alternatiba bat eskaintzetik harago, zer egin liteke?
AHTarekin gertatu den bezala, azkenean zentzuzko alternatibak egingo du aurrera. Tren horrek txikizio handia zekarren Sakanatik pasatzean, baina orain hirugarren erraila jartzearekin nahikoa dela uste dute. Oraingo Nafarroako Gobernuak edo etorriko denak, errauskailuarekin halako mugimenduren bat egitea lortu behar dugu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario