2013/05/01

Iragarritako porrotaren kronika



Itoizko urtegia egiten hasi zirenean, haren eta hari lotutako Nafarroako ubidearen bideragarritasunik eza jarri zuen agerian oposizioak; erran zutena betetzen ari da.

Alderdi bateko zein bertzeko Nafarroako gobernuek bultzatu dute Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa. Denek. Eta diskurtso berari eutsi diote. Beti. «Modernitatearekin» eta «garapenarekin» lotu dute azpiegitura. «Ezinbertzekotzat» jo dute herrialde horren etorkizunerako. «Lanpostu eta aberastasun» sortzaile.

Hogei urte joan dira Itoizko urtegia egiteko lanak hasi zirenetik. Hamabi, berriz, Nafarroako ubidearen lehen faseko obrak martxan jarri zituztenetik. Horma egina dago, eta ubidearen lehen fasea, indarrean. Administrazioaren beraren datuak kontuan hartuta, ordea, ustezko helburuetatik urrun da azpiegitura. Horixe utzi du agerian Rosario Brinquisek, Zaragozako Unibertsitatean urtegiari eta ubideari buruz egindako analisi ekonomikoan: proiektua ez dela nafarrentzat errentagarria, ez dituela lanpostuak sortu, proiektua saltzeko errandakoak Itoizko urak urtu dituela. Horixe guztia mahai gainean jarri zuten azpiegitura horren aurkakoek, urtegiko horma egin baino lehen. Arrazoia eman die denborak.


Bilduko Nafarroako parlamentari Victor Rubiok ere argi du: «Porlanaren negozioa dago Itoitzen eta ubidearen atzean; enpresa jakin batzuen interesa; interes horren arabera kudeatu dute ura Nafarroan, eta pribatizatzeko asmoa dago atzean». Errepidetik ikusi zuen Itoizko etxeak nola botatzen zituzten. Parlamentuan, proiektuaren «zentzugabekeria» salatzen du oraindik ere.

Nafarroako Gobernuko agintari ohi Miguel Sanz eta Alvaro Miranda gogora ekarri ditu Rubiok. «Ustelkeria kasuak azaleratzen ari dira orain; Nafarroa ulertzeko modu batekin lotutako errealitate bat da hori, eta uraren kudeaketa horren barruan dago». Sanz eta Miranda, hain zuzen, Itoizko urtegiaren eta ubidearen bultzatzaile eta babesle nagusietako bi izan dira. Gaur egun, inputatuta daude Nafarroako Kutxako dieten auziagatik.

Ubidearen lehen fasea 2011. urtean inauguratu zuten. Sanzek berak parte hartu zuen antolatutako ekitaldian. 22.300 hektarea ditu lehen fase horrek. Bigarrenak bertze 21.500 hektareara eramanen luke Itoizko ura, eginez gero. Eginen duten, ordea, ez dago batere argi. Gobernuak berak bigarren zati hori moldatzeko beharra nabarmendu du. Batetik, krisiaren eraginez; eta, bertzetik, horri lotuta, bigarren fase horretan ura lursailetara eramateko behar den ponpaketa sistema hagitz garestia delako.

Bigarren faseko ia urratsik ez du egin Nafarroako Gobernuak. Geldirik da proiektua. Lehendabizikoa handitzeari ekin dio, ordea. Bertze 15.200 hektareara eraman nahi du UPNk Itoizko ura. Proiektu horrek ingurumenean izanen lukeen eraginari buruzko txostena egiten ari dira orain, eta hilabete eta erdi inguru barru argitaratuko dute, alegazioak aurkeztu ahal izateko epea zabalduz.

Itoizko ura, derrigorrez

Proiektuaren arabera, Artaxoatik eramanen lukete Itoizko ura lehen faseko bertze eremu horretara; zehazki, Arga eta Ega ibaien aldera. Ura lur azpitik garraiatzea da asmoa, Artaxoatik aterako den hodiaren bidez. Eremu horretan, ureztatze sistema tradizionala dute nekazariek. Argatik hartzen dute ura haietako anitzek. Lehen fasea handitzeko proiektuaren arabera, ordea, hori egiteko eskubidea galdu, eta Itoizko ura erabili beharko dute aurrerantzean beren lurrak ureztatzeko.

Itoizkoa, noski, garestiago ordaindu beharko dute. Horixe nabarmendu du Nafarroako Uraren Kultura Berria plataformak. «Ezin izanen dute ezetz erran, gainera, eginez gero lursaila kenduko baitiete. Ubideak nekazaritzarekin lotutako kultura oso bat galtzea ekar dezake; lursail txikiak desagertzea, eta agroindustriaren esku uztea. Nazioarteko merkatuen araberako prezioen menpe uzten ditu hemengo nekazariak, batere autonomiarik gabe».

Brinquisen ikerketaren emaitzekin bat egin dute plataformako kideek, erabat. «Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak zorrak baino ez dizkio utzi Nafarroari. Gobernuak dituen ureztatze planak aurreikusteko garaia da».

Urtegiak eta ubideak atzean duten ereduak egiten du huts, plataformaren ustez. «Ez du, inondik inora, Europako zuzentarauak dioenarekin bat egiten. Ura ez da baliabide bat, ura da planetaren ondasun bat. Erabilera iraunkorraren alde egin behar dugu, ibaien kalitatearen alde; ekonomiaren ikuspuntutik ere, arrazionaltasunez jokatu behar dugu, kostuak berreskuratze aldera, gardentasunez jokatuz eta parte hartzea bultzatuz», erantsi dute taldeko kideek. Hau da, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren kasuan egin ez den guztia.Azpiegitura horren kasuan, eraikitzea izan da gakoa; hala salatu du plataformak. Eta iritzi horrekin bat egin du Rubiok ere. «Ureztatzeko izango zela esan zuten lehendabizi; gero, Iruñerriko ur horniketarako zela. Baina gezurra da». Uraren Kultura Berria plataformak ere zalantzarik ez du: «Itoitz eta ubidea ez ditugu behar». Plataformako kideek erantsi dute Iruñeak urtean hamabost egunez-edo edaten duela Itoizko ura. «Horretarako, ez zen urtegia egin behar. Kudeaketa hobetzea bertzerik ez zen behar».

Urtegia egina dago, ordea. Eta eraiki zuten enpresak ez dira onura lortu duten bakarrak. Nafarroako Gobernuak itzalpeko ordainsariaren formularen alde egin zuen, lehen faseko interes orokorreko obrak egin ahal izateko, hau da, ura ubidetik lur sailetara eramateko. Nafarroako gizarteak azpiegituraren eskutik jaso dezakeen onura ez dago hain garbi. Existitzen ez delako, Brinquisen txostenaren arabera. 

Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea proiektuaren zenbakiak agerian
AZPIEGITURAK KOLOKAN

• Aurrekontuak. Hasieran iragarritako aurrekontuak txiki gelditu ziren Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea azpiegiturari dagokionez. Rosario Brinquisek 30 urteko eperako azterketa egin du, eta, horren arabera, urtegia eta ubidearen lehen fasea kontuan hartuta, 1.359 milioi eurokoa izan da eraikuntza lanak egiteko inbertsioa; hau da, proiektu osoa eraikitzeko —bigarrean fasea barne— 1988an eman zuten aurrekontuaren antzekoa. Aurrekontu osoa 1.388koa zen, 1988 hartan errandakoaren arabera. Egindako inbertsio horretako 625 milioi euro urtegiari dagozkio; 594,5 milioi euro, ubidearen lehen faseari; eta 383,7 milioi euro, berriz, lehen fase horretako ureztatzeko eremuari.

• Ekoizpena. Datuek agerian uzten dutenez, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea azpiegiturak kostuak berreskuratzeko gaitasun mugatua duela. Izan ere, kostuen %27 berreskuratzeko gaitasuna baino ez du proiektuak, lehen fasea kontuan hartuta. Bigarrenarekin puntu bakarra eginen luke gora kopuruak. Ekoizpen gordina, 30 urtera, 1.296 milioi eurokoa izanen litzateke, Brinquisen txostenaren arabera. Datu horiek agerian uzten dute Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa ez dela Nafarroako gizartearentzat batere errentagarria.

• Lanpostuak. Esparru horretan ere Nafarroako Gobernuak iragarritakoa ez da betetzen. Ikerketaren arabera, binomioak 227 lanpostu izanen lituzke urtean, lehen fasearekin.

• Ur horniketa. Itoizko urtegiaren helburua omen da Iruñerriko ur horniketa bermatzea. Horretarako 60 hm kuboko kopurua gorde da, urtean. Egun, ordea, ur horniketarako erabilerak murritzak dira, 3 hektometro kubo inguruko kontsumoarekin, urtean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario