2013/05/01

Herri minez, Itoitz minez



Itoitz, Artozki, Orbaitz, Gorritz, Muniain, Ezkai eta Artzi eraitsi zituzten hondeamakinek, 2003an, Nafarroako Gobernuaren aginduz; han bizi zirenek ez dute ahaztu gertatu zena, eta gogora ekarri zuten BERRIAn pasa den astean, Edurne Elizondo kazetariaren eskutik.

Duela hamar urte baino zazpi herri pobreago da egun Nafarroa. 2003. urtean galdu zituen herrialde horrek Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi, bai eta Nagoreren erdia ere. Azken herri horretara ailegatu ziren hondeamakinak lehendabizi, duela hamar urteko apirilaren 28an. Eraitsitako etxeetako batean bizi zen Miguel Zazpe, eta nerbioek jota eraman behar izan zuten herritik. Etxea husteko ia denborarik ere ez zioten utzi.

Itoizko urtegiko uraren azpian da orain Zazperen etxea. Harri pila bilakatutako gainerako herriak bezala. Miguel Sanz buru zuen gobernuak eman zuen agindua, «segurtasunaren izenean». Irati ibaiaren arroan bizi zirenentzat, bertzelakoa izan zen herriak behera botatzeko arrazoia: «Zigorra».


Eraitsi aurreko urteak Itoizko urtegiko hormaren itzalpean egin zituzten herriotan. Proiektuak erabat baldintzatuta. Frankismoaren garaian jarri zuten mahai gainean, eta 1980ko hamarkadan hasi ziren gauzatzen. 1985. urtean sortu zen Itoizko Koordinakundea, urtegia egiteko asmoaren aurka borrokatzeko. Proiektuak ukitzen zituen herri guztietako biztanleek bat egin zuten elkarte sortu berrian, bai eta handik kanpoko herritar anitzek ere. Itoiztik Euskal Herri osora zabaldu baitzen urtegiaren kontrako oihua.

1993. urtean hasi zituzten urtegia egiteko obrak, eta, epaitegiek legez kanpokotzat jo bazituzten ere, ekintza burutuen politikak lanak geldiarazteko saio guztiak hutsean utzi zituen. Ia denak. 1995. urtean Itoitzekin Elkartasuna taldea jarri zen martxan, eta solidario-en eskutik, hainbat aldiz isildu ziren horma eraikitzeko makinak.

Porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten 1996. urtean. Hura izan zen solidario-en ekintzarik ikusgarriena, bai eta eraginkorrena ere. Bederatzi hilabetez gelditu zituzten urtegiko obrak. Ekintza haren ondorioz, Itoitzekin Elkartasuna taldeko hiru kide espetxeratu zituzten. Haietako batek, Iñaki Garcia Kochek, ia lau urte eman zituen kartzelan.

Itoitz eta Artozki

Horma eraikitzeko lanak berriz jarri ziren martxan, ordea. Hasitakoa amaitu arte. 2004. urteko urtarrilaren 19an «ekitaldi xumea» antolatu zuen Nafarroako Gobernuak, egun hartan Itoitz betetzen hasi zirela ospatzeko. Nafarroako agintarien aurrean gerritik gora biluzi ziren bi emakume solidario, gobernuak halaxe utzi zituela salatzeko. «Biluzik utzi gaituzue; etxerik eta lurrik gabe utzi gaituzue; ibairik, ibarrik, historiarik gabe; biluzik». Ordurako, jada, harri pila baino ez ziren orain urak azpian dituen herriak. 

Eraitsitako guztien artean, Itoitz eta Artozki berezi izan ziren. Itoitz, urtegiaren aurkako oposizioaren ikur izan zelako hogei urtez; eta Artozki, berriz, hustu zutenetik behera bota zuten arte, lurraren defentsaren aldeko aldarriaren bozgorailu izan zelako. Artozki Artezki bilakatu baitzen, hamabost egunez. Artearen, musikaren eta literaturaren esparruko hainbat eragilek hartu zuten herria, bertako etxeak defendatzeko. 

Eraitsi zuten arte. Herriak bota zituzten arte. Itoitzen 2003. urteko ekainaren 16an sartu ziren makinak, 08:00etan. Ez ziren bakarrik joan. Foruzaingoak eta Guardia Zibilak lagunduta agertu ziren. Errepideak itxi, eta prentsa handik aldendu zuten, herrian gertatzen zena ikus ez zezaten. 32 lagun egon ziren ekainaren 16 hartatik 18a bitarte, etxeak defendatzen: kateatuta, paretekin bat eginda, okasiorako egindako bunkerrean sartuta, eta inguruko mendietan ezkutatuta, herriko borrokaren berri lau haizeetara zabaldu ahal izateko. 

Hiru egun horietan, 56 pertsona atxilotu zituzten Itoitzen eta Agoitzen. Azken herri horretan, hain zuzen, hamaika protesta egin zituzten herriak eraitsi izana salatzeko. Urtegia egiteko proiektuak gogor jo zuen Agoitz ere. Herritarrak erabat zatitu zituen; alde, haietako zenbait; erabat kontra, bertze anitz. 

Egun ere, urtegiko hormaren itzalpean bizi dira agoiztarrak. Paretatik behera Agoitz da lehen herria. Hurbilen dagoena. 2004. urtean, urtegia betetzen hasi eta berehala, Itoitz azpiko lurra mugitzen hasi zen. Milaka lurrikara gertatu dira geroztik. Agoitzetik alde egin dute hainbat bizilagunek, hasierako beldurrari ezin aurre egin. 

Itoitzen bezala, Artozkin ere etxeak defendatzera sartu ziren solidario-ak herrira. Artozkiarrek irailaren 15ean hustu zuten herria. Egun hori adostu zuten Nafarroako Gobernuarekin. Itoitzen gertatu zena fresko zuten denek memorian. Makinak ikusi zituzten hango herritarren etxeak behera botatzen. Horregatik, irailaren 15 hartan, ke artean ernatu zen Artozki. Herritar batek bere bi etxeei su eman zielako. Nahiago izan zuen bere familiaren historiaren zati ziren eraikinak erre, gobernuak bidalitako makinek azpian hartu baino.

Artozkin hamabost egunez eutsi zioten Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Ez ziren bakarrik egon. Artezki ekinaldiaren bitartez, Euskal Herri osoa jarri zen herri horri so. Jendez bete zen. Etxeak defendatzeko prest. Foruzaingoa eta Guardia Zibila irailaren 30ean sartu ziren herrira, goizaldean. 05:30 aldera. Itoitzen bezala, lekukorik ez zuten nahi izan. Errepidea itxi, eta kazetariak Artozkitik kanpo utzi zituzten. 

Makinak sartu ziren egun berean hasi ziren herriko etxeak botatzen. Biharamunerako bukatu zuten lana. Artozkiko etxeekin batera, Muniaingoak ere bota zituzten 2003ko urriaren hasiera hartan. Solidario-ak saiatu ziren hondeamakinei bidea ixten, baina ez zuten lortu. Nafarroako Gobernuaren agindua bete zuten, bertze behin.

Historia suntsitzen

Hamar urte pasatu dira. Hamar urte Nafarroan Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi gabe. Herriokin, hamaika familiaren historia galdu zen hondakinen artean. Nafar guztien historiaren zati bat ere betirako gelditu zen harri pusken azpian. Erdi Aroko elizak; Orbaizko arkitektura zibil gotikoa; Itoizko gorraiztarren 400 urteko Toarena baserria; jauregiak eta dorreak.

Elizak eraitsi zituzten hondeamakinek, baina, hala eta guztiz ere, Iruñeko Artzapezpikutzan inork ez zuen gertatutakoa salatu. Galdutako herrietan apaiz ibili zen Tomas Armendariz bakarrik utzi zuten urtegiaren aurka. Bakarrik gelditu ziren herriak ere, ur azpian. Herri minez, han bizi zirenak. Itoitz minez. Ito minez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario