Itoizko urtegia (II). Herrien suntsitzeak hamar urte
Itoizko Koordinakundearekin bat
egin zuen Patxi Gorraizek, sortu bezain pronto. Etxe aurrean egin nahi zioten urtegiaren
aurkako borrokak bete-betean harrapatu zuen.
Soldaduska egitera atera zen
Patxi Gorraiz Itoiztik, lehendabiziko aldiz. Herri horretan sortu zen, 1962.
urtean. Bigarrenez, Iruñeko lantegi batean beharrean aritzera joateko utzi zuen
herria. Fabrikan hasi berritan, ordea, itzultzea erabaki zuen. 1985. urtean
Itoizko Koordinakundea sortu zen Irati ibaiaren arroan, eta harekin bat egin
zuen Gorraizek. Etxeko atean eraiki nahi zioten urtegiko hormaren aurka
aritzeko utzi zuen lana.
Sorterriaren aldeko hautua egin zuen. Familia osoak bezala. Den-dena jarri
zuten jokoan, Itoitzen alde. Itoitz zelako irabazteko zutena; Itoitz zelako gorraiztarrek
irabazi nahi zuten gauza bakarra. «Guk Itoitzen bizi nahi genuen. Bertzerik ez.
Itoitz zen gure txokoa, gure lur puska. Han bizi eta lan egin nahi genuen.
Itoitz salbatu nahi genuen. Bertzerik ez». Irabazi nahi zuten gauza bakarra,
ordea, galdu egin zuten. Esku hutsik gelditu ziren. «Herria galdu eta gero,
gainerakoak bigarren mailako kontu bilakatu ziren», onartu du Gorraizek.
2003. urteko udaberria du gogoan batez ere. Herria eraitsi aurreko udaberria,
alegia. Azkena. Ordurako, gurasoak Itoiztik at ziren. Eta familiaren etxea,
erdi hutsik. «Bagenekien makinak etorriko zirela. Egoera larria zela ohartzen
ginen. Baina, oraindik ere, zerbaitek gobernuaren asmoak bertan behera utziko
zituen esperantza bagenuen».
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak errateko zuenaren zain ziren Itoitzen.
Baina herriak suntsitu eta gero plazaratu zuten epaia. Ebazpena, gainera,
urtegiaren aurkakoen kontrakoa izan zen. Epaileek ebatzi zuten giza eskubiderik
ez zela urratu Itoizko urtegiaren auzian. Erabaki horren eskutik, azken
esperantzak ihes egin zien gorraiztarrei.
13 urteko umea zen Patxi Gorraiz inguruan urtegia egiteko aukeraz mintzatzen
hasi zirenean. Gazte bat bertzerik ez, Itoizko Koordinakundearekin bat egin
zuenean. Orain, hogei urteko borroka luzea atzean utzi eta gero, urtegia
egiteko proiektuak «erabat baldintzatuta» gogoratzen ditu Itoizko azken urteak.
Ahalegindu zela argi du. Bere esku zegoen guztia egin zuela. «Kontzientzia
lasai dut. Ezin izan genuen gehiago egin. Hutsak eginen genituen, zalantzarik
gabe, baina egin beharreko bidea egin genuela uste dut nik. Herria bota
ziguten, ordea, eta aurrera egin beharra dugu».
Herri bakartua
1993an hasi zituzten Itoizko urtegia egiteko lanak. Horrek erabat irauli zuen
Iratiren arroko herrien egunerokoa. Zinpeko zaindariek eta guardia zibilek
hartu zituzten bazter guztiak. «Hamaika begi genuen guri so. Egiten genuen
guztia kontrolatzen zuten».
Ez hori bakarrik. «Pixkanaka, Itoitz bakartzen joan ziren. Herritik pasatzen
ziren errepideak moztu zituzten. Bakarrik gelditu ginen», gogoratu du
Gorraizek. Buruan fresko du, halaber, urtegiaren aurkako kanpaldien garaia.
«Jende anitz etortzen zen herrira, eta herritarren elkartasuna jasotzeko aukera
izaten genuen. Hori gauza handia zen guretzat. Gure herri txikian jendearen
berotasuna hartzeak indar handia ematen zigun».
Baina kanpaldi horiek ere debekatu egin zituzten Itoitzen. «1996koa izan zen
azkena. Debekua jaso eta gero, gure etxeetan hartzen genuen jendea. Oroitzen
naiz aitak beti erraten zigula pena handia hartzen zuela kanpaldiak amaitzen
zirenean, herria, berriz ere, hutsik gelditzen zelako».
1994. urtean Iruñean egindako manifestazio bat ere bereziki gogoratzen du
Gorraizek. Ezin du ahaztu. «Milaka
pertsonak bat egin genuen protesta hartan. Itoitzen, uzta biltzekoa genuen. Manifestazioa
egin eta handik bi egunera, makinak soroetan sartu, eta dena suntsitu egin
ziguten, deus egiteko edo errateko aukera eman gabe».
Halako egoerek pizten zituzten sentimenduak eta kezkak urtegiak 2004an azpian
hartu zituen herrietan bizi zirenek baino ezin zituzten ongi ulertu. Horixe
uste du Gorraizek. Eta, ildo horretan, herrion arteko hasierako batasuna
nabarmendu du. «Udal guztiak agertu ziren urtegiaren aurka». Batasun horrek,
ordea, ez zuen Itoizko Koordinakundeak nahi bezain bertze iraun. Udalek,
hasieran, Itoizko Koordinakundearekin batera egin zuten bidea epaitegietan
urtegiaren aurka. «Gobernuaren estrategia oposizioa zatitzea izan zen, ordea».
Eta estrategia horrek emaitzarik izan zuen. «Udal guztiek atzera egin zuten,
eta bakarrik utzi gintuzten». Ondorioz, proiektua legez kanpokotzat jo arren,
epaileek obrak gelditzeko ezin ordaintzen ahal zuen bermea jarri zioten
koordinakundeari. «Udal bakarra gurekin egon izanez gero, bermerik ez zen
izanen. Hagitz une gogorra izan zen hura».
Ekintza burutuak
Nafarroako eta Espainiako gobernuen ekintza burutuen politikak harea bilakatu
zituen bideko harri guztiak. «Tamalez, arrazoia gure alde izatea ez zen nahikoa
izan», nabarmendu du Gorraizek. Borroka irabaziko zutela konbentzituta hasi
zutela onartu du, eta azken unera arte pentsatu zuela Itoitz ez zutela
eraitsiko. Urtegia ez zutela beteko.
Baina egin zuten. «Ekainaren 16an, 08:00etan ailegatu ziren herrira».
Gorraizentzat beti izan da zaila urtegiak kendu dion guztiaz hitz egitea. Baina
herria bota zutenetik hamar urte joan diren honetan, ez du isildu nahi izan.
«Ezin izanen dut inoiz ahaztu gertatu zena. Borroka luzea izan zen. Eta beti
irabazteko esperantzarekin. Baina herria bota ziguten».
Ekainaren 16an sartu ziren hondeamakinak Itoitzen. «Hiru anaia bizi ginen garai
hartan etxean. Etxea botatzeko, epailearen agindua eman behar ziguten, eta guk
une hori ahalik eta gehien atzeratu nahi genuen. Azkenean, agindua jaso gabe
eta inon argitaratu gabe eraitsi ziguten etxea».
Itoitz behera bota eta berehala, herrira itzuli behar izan zuten gorraiztarrek.
Han ziren familiaren behiak. «Zaindu behar genituen, jatekoa eman. Gogorra izan
zen hondakinen artera itzuli behar izatea».
Herriak harri pila bilakatuta, segurtasunaren auzia bilakatu zen Itoizko
Koordinakundearen urtegiaren aurkako argudio nagusi. Borrokaren esparru horri
eutsi zion denbora batez, elkarteko kideak bidearen azken etapara ailegatu
ziren arte. «Argi dago segurtasun arazoak nabarmenak direla urtegian;
borrokatzen jarraitzeko arrazoiak bagenituen, argudioak eta arrazoia gure
alde». Baina Itoitz galdu eta gero, gainerakoak bigarren mailako bilakatu ziren
Gorraizentzat. Horixe berretsi du. Borroka luzeak agortu zituen haren indarrak.
«Aurrera jarraitzeko, urtegia bazter uzteko beharra nuen».
No hay comentarios:
Publicar un comentario