Itoitz ez da kasu bakarra izan:
Janovas, Biscarrues, Santaliestra, Esa... Pirinioetako hamaika txokotan aurre
egin diete azken hamarkadetan urtegiak eraikitzeko proiektuei.
Patu bera Pirinioetako
herrientzat. Porlanaren patua. Han dago ura, eta handik eraman nahi dute.
Urtegien eta ubideen politika pairatu dute azken hamarkadetan han bizi diren
herritarrek. Preziorik garestiena ordaindu dute anitzek. Itoitz bezala, bertze
hainbat herri harri dira gaur egun. Adibiderik mingarrienetako bat da Janovas
(Aragoi, Espainia).
1917an jarri zuten mahai gainean han urtegia egiteko aukera; 1951n, egitasmoa
interes orokorreko proiektutzat jo zuten; eta 2001ean, berriz, behin betiko
baztertu zuen Espainiako Gobernuak. Ordurako, herria hutsik zen. Hondatuta.
Biztanle gehienek 1960ko hamarkadan utzi zuten Janovas, behartuta. Bi familiak
1984. urtera arte eutsi zioten. Indarrez atera zituzten arte.
Aragoiko herria da Eres ere. Urtegi baten mehatxupean egon zen urte luzez.
Biscarruesko urtegiaren mehatxupean. Proiektu hori mahai gainean da, oraindik
ere. Eta haren kontra ari dira herritarrak, Biscarrues-Mallos de Riglos
Koordinakundearen eskutik.
«Jada 25 urte egin ditugu urtegiaren aurka», nabarmendu du koordinakundeko kide
Lola Gimenezek. Lan horrek izan du emaitzarik. Hasierako proiektua bazter utzi,
eta Eres azpian hartuko ez zuen bertze egitasmo bat jarri zuen Espainiako
Gobernuak mahai gainean, 2005. urtean. «Urtegia egin daiteke, baina ezarritako
baldintzen ondorioz, ura baliatuko luketen nekazariek ere ez dute nahi».
Epaitegietan da auzia, proiektua erabat baztertzea baita herritarren asmo
bakarra. Jose Luis eta Maria Jose Beaumont abokatuen esku da auzia. Hau da,
Itoizko urtegiaren aurkako borroka judiziala zuzendu zuten anai-arreben esku.
Ez da hori bi proiektuon aurka ari direnen arteko lotura bakarra. «Anitzetan
izan ginen Itoitzen; ezagutzen ditugu hango herritarrak. Eta ikasi dugu anitz,
haien eskutik», erran du Gimenezek.
Ikasitakoen artean, bat nabarmendu du: «Gure auzolaguna ez dela, inoiz, gure
etsaia. Herritarrek borrokan parte hartzea lortu behar dugu. Administrazioak
gure ondokoa erosten badu, berriz ere borrokarekin bat egin dezan
ahalegindu».
Biscarruesko urtegia mamitzen hasi zeneko garaiekin zer ikusteko gutxi du
egungoak, Gimenezek erantsi duenez. «Jendea hemen gelditzen ari da, ematen dio
lurrari duen balioa. Hori da gure bidea, gure onena erakutsi, hemen urtegi bat
eraikitzeko asmoak argudiorik gabe uzteko».
Santaliestra ez dute egin
Santaliestran, Aragoin ere, betiko bazter utzi zuten han urtegi bat egiteko
asmoa, 2006. urtean. Haiek ere, Beaumont anai-arreben eskutik, Itoitzen
ikasitako lezioa baliatu zuten: «Santaliestrako Udalak hartu zuen urtegiaren
aurkako borrokaren ardura; horri esker, gure aldeko sententziak ailegatu
zirenean, indarrean jarri ahal izan genituen, bermerik gabe, eta obrak
gelditu», azaldu du herriko alkate Javier Murrek.
Pena handia du, Santaliestran balio izan zuena Itoitzen urtegiari aurre egiteko
nahikoa izan ez zelako. «Arrazoia alde, hainbertze argudio alde, baina, hala
eta guztiz ere, herriak urpean. Ikaragarriak izan ziren urtegiaren aurka ari
zirenak kriminalizatzeko saioak; eta ikaragarria haiek beti erakutsi zuten
kemena».
Itoizko Koordinakundeko kideekin izan zuen harremana Murrek, batez ere. Esako
(Nafarroa) urtegiaren aurka ari da Artiedako (Aragoi, Espainia) Rio Aragon
elkartea, eta hark ere Patxi Gorraiz eta koordinakundeko gainerako kideak izan
zituen borroka lagun. Elkarteko gazteenentzat, dena den, Itoitzekin Elkartasuna
taldeko kideak izan dira eredu nagusia.
«Miresgarria izan zen haiek egindako lana. Borroka guztiz zilegia egin zuten,
eta hainbat hilabetez lortu zuten lanak gelditzea. Anitz dugu haiengandik
ikasteko», erran du Israel Orerak.
Itoizko eta Esako urtegien arteko antzekotasunak nabarmendu ditu. «Itoitzen
bezala, hegalen segurtasuna kolokan dago Esa handitzeko proiektuan ere. Lurra
mugitzen ari da. Bi proiektuak dira basakeria hutsak, eta denbora horixe
erakusten ari da».
Itoitzen bezala, ekintza burutuen politika ezartzen ari da Espainiako Gobernua
Artiedan ere. Desjabetzeak hasi ziren urte hasieran, eta oraindik ez dira
amaitu. «Zigortu nahi gaituzte». Itoitz zigortu zuten bezala. Fresko ditu
etxeak behera bota zituztenekoak. Gogoan, lanean jarraitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario